Laura Rodriguez bosgarren postuan sailkatu da Ehunmilak proban eta Angel Quintana hogeigarrengoan

Barren.eus 2023ko uzt. 12a, 10:10

Iraupen luzeko mendi lasterkariek egutegian gorriz markatutako asteburua zen uztaileko bigarrena, milatik gora lagunek hartu baitute parte Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan, tartean Elgoibarko eta Mendaroko antxitxikariek.

Ehunmilak probaren irteera ordurako aurreikusitako ekaitz gogorren ondorioz, antolakuntzak irteera bi orduz atzeratzea erabaki zuen eta 20:00etan irten ziren barikuan, Beasaingo plazatik. Lasterkariek 46 ordu zituzten, gehienez, 168 kilometroko eta 11.000 metroko desnibel positibodun ibilbidea osatzeko, eta 178k lortu zuten bukatzea (206 lagun erretiratu ziren). Jesus Bailo Berdor (Biota, Zaragoza, Espainia) izan zen helmugara, Beasaingo plazara, iristen azkarrena. Bailok 24 ordu, 24 minutu eta 50 segundoan osatu zuen Gipuzkoari mendiz mendi bira ematen dion ibilbidea. Igon Manzisidor Arruti saltakari debarra sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik hogei minutura. Emakumezkoetan, Uxue Fraile izan zen azkarrena (29:19:43). Bi ordu eta erdi beranduago iritsi zen helmugara bigarren sailkatua, Joanna Pawelczak poloniarra (31:54:05).

 • Laura Rodriguezen eta Angel Quintanaren balorazioak
Elgoibartar eta mendaroarrei dagokionez, izena emanda zeuden sei lagunetatik bostek parte hartu zuten, eta bik lortu zuten proba bukatzea; biak ala biak aurreneko postuetan gainera. Laura Rodriguezek bosgarren postua eskuratu zuen emakumezkoetan 37 ordu, 33 minutu eta segundo bateko denborarekin. Sailkapeneko bigarren euskalduna izan da. Atzekoz aurrera egin zuen proba, Madarixatik igaro zenean, 43. kilometroan, 11. emakumezkoa izan baitzen. Lasterketa gogorra dela azaldu du, "bakoitza bere lekuan jartzen du lasterketa honek, gozatu eta sufritu, biak egiten dira, baina izugarria da. Ahal fisikoa ezinbestekoa den arren, gogoa, indar mentala garrantzitsuagoa da, ehuneko 80a buruan dagoela esango nuke". Distantzia honetako ultra lasterketa batean bizi eta sentitzen dena esplikatzea oso zaila dela uste du, "probatu dutenek bakarrik jakin dezakete nolakoa den eta zer sentitzen den". Era berean, gogoan izan ditu animoak eman dizkioten lagun guztiak, bere entrenatzaile Mikel Usandizaga, Iker Galarza nutrizionista eta bere ama.
Gizonezkoetan, iaz moduan, Angel Quintana izan da proba bukatzea lortu duen elgoibartar bakarra. Quintanak iazko postua eta denbora ondu ditu, nabarmen. 30 ordu, 30 minutu eta 37 segundoan osatu du aurtengo proba eta 20. postuan sailkatu da, irabazlearengandik 6:05:47ra. Iaz, 51. postuan sailkatu zen, 31.41.11ko denborarekin; eta, hortaz, iaz baino ordu bat eta 10 minutu gutxiago erabili ditu aurten. Pozez gainezka dago Quintana aurten egin duen lasterketarekin. "Nire helburua proba bukatzea zen, horixe da guztion asmo nagusia, baina batez ere iaz azken kilometroetan izan nituen sentsazioak baino hobeak izatea nahi nuen, miseria handiak pasa bainituen proba bukatzeko. Eta lortu dut. Ezin hobeto bukatu nuen aurten, arazo fisikorik gabe eta buruz fresko, gozatzen, sentsazio bete-beteak",  azaldu du. Uste du gainera, sentsazio on horien bila joateak lagundu diola iazko denbora horrenbesteko tartearekin hobetzen. "Iaz, 30 kilometroren faltan erritmo biziegia hartu nuen eta ordaindu egin nuen amaieran. Aurten atzetik aurrera egin dut eta 60 kilometrotik aurrera bakarrik arinagotu nuen pausoa, eta erritmo jarrai bat hartu. San Adrianeko kobara ailegatu nintzenean neure buruari agindu nion ez nuela iazko hanka sartzerik berriro egingo eta erritmo normalean igo eta jaitsi nintzen Andraitzera. 'Angel orain bai, orain hasi zintezke korrika' esan nion nire buruari Oazurtzara heldu nintzenean. Mutiloatik helmugara dauden azken hamar kilometroetan iaz baino ia ordubete gutxiago behar izan nituen. Hor konparaziorik onena zer izan zen nire iazko parte hartzea eta aurtengoa neurtzeko. Denborei ereeparatuta, azken 10 kilometroak probako irabazleak bakarrik egin zituen nik baino azkarrago". Balorazioa ezin hobeagoa dela dio, eta eskerrak eman dizkie ondoan izan dituen lagun, bikotekide eta familiakoei.

• Elgoibartarren sailkapenak g2handiak eta Marimurumendi probetan
Ehunmilak probaren barruan, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak mendi lasterketa eta Marimurumendi mendi maratoia ere jokatu zituzten. Ioseba Eskudero idiazabaldarra izan zen azkarrena Goierriko Bi Handiak proban, 10.12.32ko denborarekin. Emakumezkoetan Ohiana Azkorbebeitia abadiñoarra gailendu zen 12.40.43ko denborarekin. Zazpi elgoibartarrek lortu zuten proba bukatzea. Hona euren emaitzak:

  • 10. postuan Ainhoa Lendinez Garate (16:25:48)
  • 178. postuan Jose Nova Alvarez (16:44:06)
  • 224. postuan Josu Mendikute Azkue (17:56:56)
  • 251. postuan Ander Arambarri Rumayor (18:44:57)
  • 252. postuan Julen Cid Alcibar (18:44:57)
  • 289. postuan Roberto Garcia Riesco (20:02:14)
  • 302. postuan Jon Rodriguez Miguel (20:44:30)

2023 07 08 ehunmilak laura rodriguez irtenaurrez

2023 07 08 ehunmilak angel quintana iban fernandez

2023 07 08 ehunmilak angel quintana gauez

2023 07 08 ehunmilak angel quintana helmugan beasain

2023 07 08 ehunmilak angel quintana lagunegaz

2023 07 08 borja rodriguez ehunmilak

 

2023 07 07 ehunmilak G2H partehartzaileak elgoibar

2023 07 08 borja rodriguez ehunmilak G2H josu mendikute egunez arg lasterketakeus

2023 07 08 borja rodriguez ehunmilak G2H ainhoa lendinez egunez arg lasterketakeus

2023 07 08 borja rodriguez ehunmilak G2H julen cid arg lasterketakeus