Azibar Iraolagoitia txapeldun eta Iñigo Lariz txapeldunorde Green Series txapelketako sailkapen nagusian, Master 50 eta 40 kategorietan

Barren.eus 2023ko uzt. 5a, 14:29

Green Series XCO mendi bizikleta zirkuituko zortzigarren lasterketa, azkenekoa, jokatu zuten domekan Zallan, eta ezin amaiera hobea eman diote Azibar Iraolagoitia mendaroarrak eta Iñigo Lariz eta Iker Beristain elgoibartarrek.

Zallako lasterketan bere kategoriako (Master 50-60) hirugarren postuan sailkatu zen Azibar Iraolagoitia (Mendaroko Txirrindulari Elkartea), eta honenbestez, bera da sailkapen nagusiko irabazlea. Jokatutako zortzi lasterketetatik bi irabazi ditu Iraolagoitiak, Lezamakoa eta Ortuellakoa, birritan izan da txapeldunorde; Bilboko eta Abadiñoko probetan; eta, hiru alditan izan da hirugarren (Mena, Berriz eta Zalla). Guztira 1330 puntu batu ditu, bere kategorian bigarren egin duen Ramon Ruizek baino 30 puntu gehiago.

Master 40 kategorian, berriz, txapeldunorde izan da Iñigo Lariz. Gobike taldeko txirrindulariak ere erregulartasun handia erakutsi du prestigio handiko btt txapelketa honetan. Bi proba irabazi ditu bere kategorian, Lezamakoa eta Ortuellakoa eta lau bider izan da bigarren (Abadiño, Berriz, Barakaldo eta Zalla). Halere, ez da nahikoa izan bere adin-tarteko lehen postua eskuratzeko, 45 puntu gehiago batu baititu Jonathan Larrañaga irabazleak: 1310 puntu Larrañagak eta 1265 Larizek.

Azkenik, 23 urtez azpikoen kategorian lehiatu da Iker Beristain (Elgoibarko Lagun taldea) eta sailkapen nagusiko laugarren postua lortu du. Ortuellako lasterketan lortu zuen laugarren postua eta Abadiñon eta Barakaldon eskuratu zituen bosgarren postuak izan dira bere emaitzarik onenak. 950 puntu pilatu ditu guztira. Egoitz Azkueta irabazleak 1300 puntu lortu ditu, 1200 Unai Zuritak eta 1020 Egoitz Hoyasek, bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren.

Hona Iraolagoitia, Lariz eta Beristainen zenbait irudi.

2023 07 02 BTT green series azibar iraolagoitia podium

2023 07 05 green series btt iker beristain

2023 07 05 green series btt azibar iraolagoitia kauzia

2023 07 05 green series btt inigo lariz jauzia b1

2023 07 05 green series btt inigo lariz