Munduko Txapelketarako sailkapena lortuta itzuli da Nora Kortaberria Poloniatik

Barren.eus 2016ko mar. 21a, 12:33

Errusiako Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatzeko txartela eskuratuta itzuli da Poloniatik junior mailako Espainiako Eskubaloi selekzioa. Jokatutako hiru partidak irabazi dituzte sailkatze fasean.

Munduko txapelketarako sailkatze fasea jokatu dute Plock (Polonia) herrian, joan den asteburuan. Poloniako, Eslovakiako, Turkiako eta Espainiako selekzioak aritu dira lehian eta, partida guztiak irabazi ostean, Espainiakoak lortu du uztailaren 2tik 15era Errusian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena.
Barixakuan Eslovakiako selekzioaren aurka jokatu zuen Espainiakoak eta hamabi goleko aldeaz (29-17) irabazi zuten espainiarrek. Selekzioarekin erdiko postuan jokatzen duen Nora Kortaberria elgoibartarrak hiru gol sartu zituen. Bigarren partidan, zapatuan, Espainiak etxeko taldearen aurka neurtu zituen indarrak. Lehen egunekoa baino partida zailagoa izan zen eta Natalia Martinez eta Maria Prietoren golei esker, zortzi gol sartu zituen bakoitzak, hartu zuten mendean Polonia, 20-23ko emaitzarekin.
Domekan jokatu zuten azken partidan Turkiaren aurka jokatu zuen Espainiak. Partida kontrolpean izan zuten uneoro eta atsedenaldian bi goleko errenta bazuten ere, bederatzi goleko aldeaz irabazi zuten amaieran (29-20). Nora Kortaberriak gol bat sartu zuen partida horretan.
Espainiako hautatzaile Sagrario Santanaren esanetan defentsan eginiko lanean egon da sailkapena lortzeko giltzarria. "Aurkariak 20 gol edo gutxiagoan lagatzeko gai garen bitartean, partida irabazteko aukera handiak ditugu. Lan ikusgarria egin dute defentsan", esan du.
•Errusiarako hautatuak
Uztailean Errusian jokatuko den Munduko Txapelketarako hilabete batzuk falta badira ere, Poloniara eraman dituen jokalari gehientsuenak eramatea aurreikusten du Santanak. "Min hartuta zeudela-eta gurekin Polonian egon ezin izan duten jokalariak garaiz sendatzea zaila izango da, dituzten lesio motengatik bereziki. Hortaz, ez dut uste taldean aldaketa handirik egongo denik". Honenbestez, ikusteko dagorn arren, Munduko Txapelketa jokatuko duten jokalarien zerrendan egoteko aukerak ditu Aiala Zarautz taldean jokatzen duen Nora Kortaberriak. 

*Argazkiak: www.rfebm.net

2016 03 21 nora kortabnerrioa selekzioagaz polonioan1