Eneko Ortegak hirugarren egin du, gaur, domeka, Espainiako Txapelketan, Euskadiko selekzioarekin

Barren.eus 2023ko uzt. 2a, 19:14

Gaur, hilak 2, jokatuko dute Cartagenan (Murtzia, Espainia) jubenilen Espainiako Txapelketako lasterketa, eta Elgoibarko Lagun Taldeko Eneko Ortegak hirugarren egin du, Euskadiko selekzioarekin.

Munduko txirrindulari onenak Euskal Herrian ditugu egunotan, Frantziako Tourra jokatzen, baina dena ez da Tourra. Oinarrizko txirrindularitzan ere jokatu dituzte lasterketak asteburuan eta Elgoibarko Lagun Taldeko Eneko Ortegak Cartagenan (Murtzia, Espainia) gozatu du loria, jubenilen Espainiako Txapelketan. Euskadiko selekzioarekin lehiatu da gaur Ortega, eta bai berak, eta baita haren taldekideek ere lasterketa handia egin dute gaur.  137 kilometroko proba izan da gaurkoa, eta sailkapen nagusiko lehenengo bosten artean Euskadiko selekzioko hiru lagun sailkatu dira, tartean Eneko Ortega. Tropeleko azkarrena Alvaro Garcia Gimenez izan da (Murtzia), 3:37:55ko denborarekin. Haren atzetik Markel Beloki helmugaratu da, txirrindulari profesionala izandako Joseba Belokiren semea. 14 segundo eskasera helmugaratu da Beloki, eta Eneko Ortegak osatu du podiuma. Irabazlearengandik 40 segundora helmugaratu da elgoibartarra, lasterketa handia eginda. Eta podiumetik koska batera gelditu da Unax Errasti (Euskadiko selekzioa).

2023 07 02 Eneko Ortega Espainiako Txapelketan Cartagenan

∞Lotura duten albisteak: