Futbol 7 txapelketako finalak jokatuko dituzte Mintxetan

Barren.eus 2023ko eka. 29a, 09:37

Hemeretzi talde aritu dira lehian Elgoibarko Futbol 7 txapelketan. Joan den maiatzaren 29an hasi zen txapelketa, eta gaur jokatuko dituzte bi finalak, Conference eta Champions mailetakoak.

Txapelketako lehen bi asteetan lau multzotan banatuta aritu ziren lehian taldeak, eta multzo bakoitzeko lehen biak sailkatu ziren Champions deitu dioten txapelketarako. Aldiz, multzoko 3. eta 4. sailkatuek Conference izeneko txapelketan jarraitu dute lehia.

Joan den astelehenean jokatu zituzten Championseko finalerdiak. Lehenengoan, Roketxe taldeak kanporatu zuen iazko irabazlea, La Rula taldea. Bigarren finalerdian Kartutxo sailkatu zen finalerako, Wonga taldeari irabazita. Hortaz, gaur, 20:15etik aurrera jokatuko dute finala Roketxek eta Kartutxok, Mintxetan. Aurrez, 18:15ean, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute La Rula eta Wonga taldeek.
Conference mailako finalerdiak martitzenean jokatu zituzten, eta Garito eta Layeka taldeak sailkatu ziren finalerako, Auge eta Bolivas taldeak kanporatu eta gero. Champions finalaren aurretik jokatuko dute gaur Conference mailako finala, 19:15ean.

Txapelketa honetan Elgoibarko eta Mendaroko taldeek parte har zezaketen arren, Mendarotik ez dela inor animatu azaldu dute antolatzaileek. Herriko jokalarien arteko txapelketa izate aldera, arau bat ere jarri zuten, gehienez ere bi jokalari izan zitzakeen talde bakoitzak Elgoibar edo Mendarotik kanpokoak.
Finalak ikustera Mintxetara igotera animatu diutuzte herritarrak antolatzaileek.

Elgoibarko eta Eibarko Udal Kirol Patronatuek antolatzen zuten Bailarako Futbol 7 Txapelketa bertan behera lagatzea erabaki zuten 2017an, Aritz Iriondo epaile elgoibartarrari eginiko erasoaren ostean. Elgoibarko zenbait gaztek Futbol 7 txapelketa antolatzea erabaki zuten 2018an.