LaRoita kuadrillakoek egun osoko egitaraua prestatu dute erronkaren harira

Barren.eus 2023ko eka. 27a, 18:37

Hiru lehiakide izango ditu LaRoita erronkaren hirugarren edizioak, zapatuan. LaRoita kuadrillakoek aurreratu dute kirol erronka baino gehiago izango dela aurtengoa, egun osoko egitarauarekin jantzi baitute kirol erronka.

Ion Fernandez, Asier Basurto eta Ander Aranbarri izango dira lehiakideak Mutrikuko portua, Elgoibarko plaza eta Karakate gaina lotuko dituen lagunarteko kirol erronkan. Hala, igerian, bizikletan eta saltaka aritu beharko dute. Zapatu honetan, uztailaren 1ean, izango da. 9:00etan hasiko dute proba Mutrikun, eta 11:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia, Karakate gainean.

Aurtengoa kirol erronka baino gehiago dela diote LaRoitakoek, egun osoko egitarauarekin jantzi baitute eguna: Porra, Mauxitxa txaranga, bazkari herrikoia, karropoteoa, rock kontzertua... "Osagai guztiekin hornituta dator aurten LaRoita Erronkaren hirugarren ekitaldia; berrituta eta handituta", esan dute.

Antolatu duten porraren irabazlea ezagutzera emateko ekitaldia ere egingo dute eguerdi aldera, Maalan. Jarraian, poteoa hasiko dute Mauxitxa txarangak girotuta. Gero, bazkari-herrikoia egingo dute Karakate jatetxean. Bazkalostean herrigunera gerturatuko dira berriro, 18:30ak inguruan hasiko duten Karropoteoarekin. Karakate jatetxetik Gaztetxeraino egingo dute. Eta egunari amaiera emateko kontzertuak antolatu dituzte Gaztetxean. Jezy´s Tyros Elgoibarko rock taldeaak, Bermeoko Kostako Vibes taldeak eta Patxangoi erromeria taldeek girotuko dute gaua. Goizaldeko 6:00etarako ezustekoa ere iragarri dute.

Iaz egin zuten moduan, LaRoitakoek zuzenean emango dute erronka, Youtuben duten kanaletik, esatarien iruzkinekin.

2023 06 22 la roita erronka 3 kartela

∞Lotura duten albisteak: