Gipuzkoako Itzuliko azkeneko etaparen faltan, sailkapen nagusian laugarren da Eneko Ortega

Maitane Etxaniz 2023ko eka. 25a, 19:24

Jubenilen Gipuzkoako Itzuliko lehenengo etapa jokatu zuten atzo, zapatua, Mendaron.

92 kilometroko ibilbidea osatu zuten txirrindulariek, eta Hector Martinez (LUCT) izan zen denetan azkarrena, 2:11:27ko denbora eginda. Eneko Ortega Elgoibarko Lagun Taldekoak (Besa-Laboral Kutxa) egin zuen bigarren, eta Unax Errasti ULMA taldekoak egin zuen hirugarren. Atzo Mendaroko etapa eta gaur Andoainen jokatu dutena kontuan hartuta, laugarren dago sailkapen nagusian Eneko Ortega, irabazlearengandik 22 segundora eta bera da biharkoa irabazteko faborito nagusietako bat.

Argazkiak: Ion Urbieta.

2023 06 24 Gipuzkoako itzulia Mendaron irabazlea
 
Barikuan jokatu zuten Idiazabalen Jubenilen Gipuzkoako Itzuliko prologoa eta atzo, zapatua, izan zuten lehenengo etapa, Mendaron. Bergararaino joan ziren birritan eta ondoren bigarren mailako bi mendate igo behar izan zituzten: Kalbario gaina 80. kilometroan eta Arribinietakoa 86,3 kilometroan. Guztira, 36 talde zeuden izena emanda, berrehundik gora txirrindulariko tropela, eta lehia estua erabili zuten lehenengo hamarren batek. Helmugaratzen lehenengoa Hector Alvarez Lucta taldeko txirrindularia izan zen, eta hiru segundo eskaseko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Eneko Ortega elgoibartarrari. Besa-Laboral Kutxako txirrindulari elgoibartarra punta-puntako denboraldia egiten ari da, eta atzo ere erakutsi zuen bere sasoi ona. Hirugarren Unax Errasti ULMA taldekoa izan zen, irabazlearengandik 18 segundo eskasera. Denbora bera markatu zuten sailkapen nagusiko hurrengo biek. Balint Feldhofferrek (ELOJ) eta Ibai Irisarrik (LIMO). Mendiko saria, berriz ere Hector Alvarezentzat izan zen Mendaron eta taldekako sailkapenean ere Alvarezen taldeak jaso zuen garaikurra, Lucta-Granja Rinyak. 
 
2023 06 24 Gipuzkoako itzulia irabazlea
 
2023 06 25 Gipuzkoako itzulia podiuma
 
Gaur, domeka, hilak 25, Andoainen: bigarren etapa
Andoainen jokatu dute gaur Itzuliko bigarren etapa. Aimar Alarcia (Iruk) izan da gaur tropeleko azkarrena, 2:32:53ko denbora eginda, eta Gerard Ginabreda (Finq) eta Antonio Ramirez (Lucta-Granja Rinyak) izan ditu lagun podiumean. Dozena bat txirrindulari sartu dira eguneko ihesaldian, eta horietako bik sailkapenean aurrea hartu diote Eneko Ortega elgoibartarrari, baina hala ere, sailkapen nagusian laugarren dago Ortega, liderrearengandik 22 segundora, eta bera da bihar Seguran jokatzekoa duten etapa eta itzulia irabazteko faborito nagusietako bat. 16:00etan abiatuko da tropela Seguratik eta 69,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Tartean, hirugarren mailako hiru mendate gainditu beharko dituzte, Lierni, Atagoiti eta Aztiriako gainak, bai eta bigarren mailako bat ere, Barbarisko gaina. Etapa motza, baina gogorra da oso biharkoa.