Txus Alzaga izendatu dute Club Deportivo Elgoibarreko presidente

Barren.eus 2023ko eka. 22a, 19:42

Txus Alzaga buru duen zuzendaritza talde berriaren hautagaitza onartu dute C.D. Elgoibarreko bazkideek, gaur arratsaldean egin duten urteko batzar orokorrean.

2016. urtetik kirol taldeko zuzendaritza osatu duten lagunak aspalditik zebiltzan errelebo eske, eta gaur gauzatu da ofizialki. Lana bukatutzat eman duen zuzendaritza bizpahiru hilabetez aritu da elkarlanean, eta bidelagun lanak egiten, zuzendaritza talde berriarekin. Jon Basurtok eta Iñigo Palominok hartu dute hitza batzarraren lehen zatian. Azken denboraldiko balantzea egiteaz gainera, euren agintaldi osoko balantzearen berri ere eman diete musika eskolako auditoriumera gerturatu diren bazkideei. Kirol kontuak izan ditu hizpide Basurtok eta ekonomiari lotutakoak xehetu ditu Palominok.

Aurreko batzarreko akta eta kirol zein ekonomia balantzeak onartu eta gero, zuzendaritza berria osatzeko hautagaitza aurkeztu dute Basurtok eta Palominok. Bazkideen artetik aurrera egin du orduan Txus Alzagak, eta C.D. Elgoibar kirol taldea zuzentzeko eta gidatzeko dituen asmoen berri eman du, powerpont baten laguntzaz. Hautagaitza eta proposamenak onartu dituzte bazkideek eta Alzaga presidente izendatu dute. Presidenteak Gotzon Gurrutxaga, Leyre Morla, Oscar Urio, Ane Etxeberria eta Olatz Oñederra izango ditu lagun zuzendaritzan. Baina, beste bi kide gehiago batzea ere gustatukolitzaieke, hutsik dauden bi eserleku horietarako izenik ez duten arren, oraingoz.

106 urteko ibilbidea duen klubak gora behera asko izan dituela esanez hasi du hitzaldia Alzagak, une onak eta txarrak bizi izan dituela taldeak, sorreratik hona. Eta esan du kritika ugari jasoko zituztela urteotan taldean karguak izan dituztenek. "Guk onartzen ditugu kritikak, are gehiago, garrantzitsua da kritikak egotea, eta jakin badakigu kritikak jasoko ditugula. Eskatzen dugun bakarra da, eraikitzaileak izan daitezela, eta errespetuz eginak", esan du. Eta errespetuaz berba egin du ondoren. "Gureganako kritiketan bakarrik ez, errespetua denaren gainetik egon behar da. Gurasoek semeekiko errespetua erakutsi behar dute, eta entrenatzaileeri ere zor diete errespetua. Eta noski, jokalarien artean eta entrenatzaile eta jokalarien artean ere errespetua nagusitu behar da. Errespetua eta edukazioa sustatu eta bultzatu behar ditugu eta jarrera desegokiak geldiarazi".

 • Emakumezkoen taldearen izen berria
Errespetuarekin batera, orain arte egon den zuzendaritzak hasitako bideari jarraipena eman eta berdintasuna sustatzeko ahalegin berezia egingo dutela esan du presidente berriak. Hasteko, emakumezkoen talde nagusiari deitzeko modua aldatuko dela aureratu du Alzagak, eta aurerantzean Emakumezkoen Haundi taldea deituko diote, gizonezkoen talde nagusiari moduan.

 • Azpiegiturak eta finantziazioa
Egitura eta tamaina gero eta handiagoa duen kirol taldea kudeatu beharko dutela azpimarratu du Alzagak. 19 talde, 500 jokalari inguru eta 55 entrenatzaile ditu klubak une honetan, eta horri futbol eskolan dabiltzan neska-mutilak gehitu behar zaizkio. "Klubak egun duen neurriari eusteko bi gauza behar ditugu, azpiegitura egokiak eta finantziazioa. Taldeen entrenamenduak antolatzeko aurten erabili duten txantiloa erakutsi du Alzagak, instalazioak txiki gelditu zaizkela ikus arazteko. "Ez dakagu lekurik. Hurrengo denboraldian kadeteen talde bat gehiago edukiko dugu, eta ez dakigu non sartu", esan du. Alzagak aureratu du datorren astetik aurrera Udal Kirol Patronatuko eta udaleko ordezkariekin bilduko direla, espazio faltari "epe motzerako eta luzerako" irtenbideak topatzeko asmotan. Epe luzerako irtenbideak aipatzea futbol zelai baten beharra aipatu du. Hain justu Jon Basurtok ere hizpide izan du gaia batzarraren hasieran, eta futbol zelai berri baten beharra udalarekin landu duten gaia izan dela esan du.

 • Kirol balantzea
Denboraldiak eman duenaren balorazioa egin du Jon Basurtok. Mutilen taldeentzako ez dela denboraldi oso ona izan aitortu du, bi talde mailaz jaitsi direlako eta beste bi talderen denboraldia "nahiko justua" izan dela adierazi du. "Nesketan, aldiz, kadete eta senior mailan diharduten taldeen igoerei esker, gogoan izateko denboraldia izan da". Amaitu den denboraldia emakumezkoen futbolarena izan dela uste du Basurtok. Datorren urtean, Emakumezkoen Haundi taldeak Ohorezko Mailan jokatuko du".

Infantil Txiki taldearen denboraldia ere nabarmendu du, ohorezko mailara igo direla-eta. Asier Diez Realak fitxatu izana eta Estanis Mugerza Athleticek klubarentzat "ohore handia" dela azaldu du. Era berean, Realak Sara Etura fitxatu izana historikotzat jo du.
Erregional mailako taldea mailaz jaitsi izana penagarria izan dela adierazi du. "Taldeak gehiago egin zezakeela, eta mutil hauen mailak gehiagorako ematen duela uste dugu, baina horrelakoxeak dira gauzak futbolean eta datorren denboraldian 1. Erregional Mailan jokatuko dute berriro".

Azkenik, Haundiri buruz esan du, jokalariek lesio asko izan dituzela, etenik gabe, eta horrek kalte handia egin diola. "Halere, azken unera arte borrokatu dute eta iaz moduan Errege Kopako kanporaketak jokatzeko aukerak bizirik mantendu dituzte amaierara arte. Pena bat izan da, baina aurten Haundi talde indartsuenekin lehiatu da, sailkapenaren gorenean".

2023 06 22 cd elgoibar batzarra txus alzaga presidente basurtp palomino BARREN

2023 06 22 cd elgoibar batzarra txus alzaga presidente BARREN powerp

2023 06 22 cd elgoibar batzarra txus alzaga presidente BARREN 2

2023 06 22 cd elgoibar batzarra Zuzendaritza zaharra berria BARREN