166 lagunek hartu dute parte Debabarrena Orientazio Raidean

Barren.eus 2023ko eka. 19a, 15:40

Debabarreneko Orientazio Raidaren zazpigarren edizioa jokatu zuten zapatuan Elgoibarren, Morkaikok antolatuta. Bi atal izan zituen raidak, abenturazkoa eta familiarra. 81 lagunek hartu zuten parte nagusien proban, eta familiarrean berriz, 85ek. 

Debabarreneko Orientazio Raida Elgoibarrera itzuli da aurten, azken bi urteetan Deban jokatu ostean. Zapatuan jokatu zuten, eta 166 lagunek hartu dute parte guztira. 81 lagun aritu ziren abenturazko nagusien raidean, eta 85ek egin zuten raid familiarra. 

Proba nagusia 10:00etan puntuan hasi zen Kalegoen plazan, eta hasierako lana herri barruan egin zuten, korrika. 3 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta tartean Nahaste Borrasteko zakuaren proba berezia ere egin behar izan zuten partaideek. Ondoren, bizikletak hartuta, Saturio errekara abiatu ziren arroila jaitsiera egitera. Behin proba hori eginda, Otsourtia baserrian kokatuta zegoen anoa postura abiatu ziren bizikletaz, Urruzuno bailara eta Urnobitza magaletan zehar. Hara iristean, trekking oinetakoak jantzi eta Atxolin, Irukurutzeta eta Elosumendi inguruetan ibili ziren partehartzaileak, korrika. Tartean, mikro-orientazio proba berezi bat eta Muskiritsuko dolmen ibilbidearen inguruko ezagutza galdera batzuk ere erantzun behar izan zituzten. Anoa postura itzulita, bizikleta hartu eta Elgoibarrera jaitsi ziren btt sekzio azkar batean, helmugara 17:00ak aurretik iristeko. 

Mayi Mujika elgoibartarrak eta Beñat Doyharzabal Ibarrarrak osatutako bikotea izan zen azkarrena helmugan.  6 ordu eta 20 minutu azpiko denbora eginez iritsi ziren helmugara, puntu denak eskuratuta, gainera.

Guztira, 22km korrika eta 30km mendiko bizikletan burutu zituzten partaideek, 2000 metro positibo baino gehiagoko desnibela eginda. 

Partaideen artean Elgoibarko bi bikote eta Mendaroko beste bi ere izan ziren, eta horiez gain, Iparraldetik, Madrildik, Guadalajaratik, Huescatik edota Errioxa inguruetatik ere etorritako bikoteak ere izan ziren. 

2023 06 17 raida2

Raid familiarreko partaideak, bestalde, 10:30ean batu ziren  kalegoen plazan. Bertan, antolakuntzatik jasotako azalpenak adi-adi entzun zituzten , eta 11:00etako kanpaiak jotzearekin batera hasi zen proba.  Talde bakoitzeko kide batek hartu zuen mapa, eta hasierako azterketa lana eginda abiatu ziren Elgoibar inguruetan zeuden baliza ezberdinen bila. Eskalada, crossfit, memorian oinarritutako orientazioa eta slackline bezalako proba bereziak ere egin behar izan zituzten ibilbidean zehar. 

Morkaiko Mendizale taldetik eskerrak eman dizkiete zapatuko probako laguntzaile izan diren entitate eta denda guztiei eta, baita parte-hartzaile guztiei ere. 

 

2023 06 17 raid debabarrena elgoibar itabazleak mayimujika Beñat Doyharzabal

2023 06 17 raid debabarrena elgoibar mapabegira BARREN

2023 06 19 debabarrena raid arroila jaitsiera saturixo

2023 06 17 raid debabarrena elgoibar arroila jaitsiera saturixo 1

2023 06 17 debabarrena raid elgoibar mapari begira

2023 06 17 raid debabarrena elgoibar bizkletak bikotea

2023 06 17 raid debabarrena elgoibar bizkletak etzanda mapegaz

2023 06 17 debabarrena raid Elgoibar familiarra azalpenak

2023 06 17 debabarrena raid Elgoibar familiarra maala