Maddi Goñi fitxatu du San Adrian eskubaloi taldeak

Barren.eus 2023ko eka. 15a, 12:28

Bilboko BM San Adrian eskubaloi taldeak jakitera eman duenez, Maddi Goñi Lariz elgoibartarra da hurrengo denboraldirako egin duten estreinako fitxaketa.

Maddi Goñik 20 urte ditu eta Sanlon jokatu zuen 2021-22 denboraldira arte, eta amaitu den denboraldi honetan Etxebarriko Kukullaga taldean jokatu du, Sanlok lagata. Orain San Adrian taldeak fitxatu du eta Goñiren kalitatea, golak sartzeko duen erraztasuna eta posizio desberdinetan jokatzeko gaitasuna goraipatu ditu Bilboko San Adrian auzoko eskubaloi taldeak. "Aukera eta baliabide gehiago emango dizkio gure lehen lerroko jokoari", adierazi dute taldeko arduradunek. "Izaera, intentsitatea eta erasoko jokoan jokatzeko modu desberdinak eskainiko dizkigun jokalaria da Maddi, eta ziur gaude gure erasoko jokoaren kalitatea handitzen lagunduko digula".

Goñi umetatik hasi zen eskubaloian nabarmentzen, eta infantiletatik jubeniletara bitartean behin baino gehiagotan jokatu du Euskal selekzioarekin. Senior mailara ere primeran moldatu da, eta horren adierazle da azken hiru denboraldietan 250 gol sartu dituela Ohorezko Zilarrezko Maila moduko txapelketa leiakor batean. Eta hori kirol ibilbidean geldialdi bat egin zuela kontuan hartuta, Erasmusean joan zelako iaz, eta ez zuen denboraldia osatzerik izan. Orain ilusio bikoitza du, eskubaloira bete-betean itzultzeagatik eta Bilbon hasiko duen etapa berriagatik. Erronka berrirako ilusioz gainezka dagoela adierazi du. "Asko erakartzen nau talde lehiakor batean egoteak, aspirazio anbiziotsuak dituen talde batera batzeak. Etapa berri honetan, ikasten jarraitzea eta jokalari gisa haztea dira nire buruari jarri dizkiodan erronkak. Izango dugun entrenatzaileak gauza berri asko irakatsi ahal dizkidala uste dut", esan du.

San Adrian taldeak Ohorezko Mailan jokatzen du, Gaurve Asesores Sanloko taldea denboraldi honetara arte egon den maila berean. Aurten, Mario Ortiz entrenatzaile kordobarrak taldea gidatu duen lehen urtean, lehen postuegatik borrokan ibili dira, denboraldi hasieran zituzten aurreikuspenak hobetuz. Laugarren postuan amaitu zuten liga txapelketa, eta Ohorezko Urrezko Mailara igotzeko aukerak eduki zituzten denboraldi ondarrera arte. Igoera fasea jokatzeko sailkatzetik bi puntura gelditu ziren.

2023 06 15 maddi goni elgoibat sanlo eskubaloia