Aiastiako bolatokian jokatuko dute azken jaurtialdi erabakigarria, hamargarrena, zapatuan, ekainaren 3an, 17:00etatik aurrera.
Azken jardunaldiak gerturatu ahala sailkapen nagusian gora egin dute bolari elgoibartarrek eta une honetan San Migel taldeko bost bolari daude aurreneko 11 sailkatuen artean: Jabier Osoro (4. postuan), Angel Ibarluzea (6), Unai Loiola (8), Imanol Osoro (10) eta Xabier Loiola (11). Asola Berri B taldeko Pedro Gomez bolaria dago lidergoan, 35 punturekin. Puntu kopuru bera du bigarren sailkatuak, San Andres A taldeko Landrr Odiagak eta 31 puntu Asola Berri A taldeko Bittor Astigarragak. Jabier Osorok 29 puntu ditu.
Lasturreko bolatokian jokatu zuten bederatzigarren tiraldian 62 bolarik hartu zuten parte eta UDA taldeko Juan Bengoa gailendu zen, egin zituen hiru tiraldietan 8 txirlo botata, ia plenoa. Elgetako taldeko Jose Angel Ogiza sailkatu zen bigarren (7 txirlo) eta San Migel taldeko Imanol Osorok egin zuen hirugarren, 6 txirlo botata. Unai Loiola elgoibartarra ere aurrean sailkatu zen, seigarren postuan, 5 txirlo botata.
Aiastiako tiraldiaren ostean, Lehendakari Saria jokatuko dute bolariek, kanporaketa formatoan, Azpeitiko Garmendipeko bolatokian. Hori, baina, ekainaren 10ean izango da.