Gipuzkoako Kopa irabazi du Cimde Elgoibar eskubaloi taldeak

Barren.eus 2023ko mai. 24a, 12:01

Sanloko jubenil emakumezkoen CIMDE taldea da denboraldi honetako Gipuzkoako Kopako Txapelduna. Sanloko beste lau taldek dituzte Kopa txapelketa irabazteko aukerak.

Elgoibartarrek Hiruko Finala jokatu zuten, aurreko asteburuan, Donostian. Sanloko taldeak Oñatiko Oñabike Aloña Mendi taldea eta Andoaingo Leizaran Eskubaloia taldeak izan zituen aurkari, eta bi partidak irabazi zituen: 8-16 Leizararen aurka eta 15-10 Oñabiken aurka. Hala, titulua eskuratu du CIMDEk, Kopako txapeldunak dira.

 • Kopa gehiago irabazteko aukera gehiago
Sanloko beste lau taldek dituzte denboraldi amaiera honetan Kopa Txapelketa irabazteko aukerak. Infantil mailako nesken Tecnifuelle Bus taldeak Gipuzkoako Kopako finala jokatuko du asteburuan, Orion. Maila horretan beste Kopako final bat ere jokatuko dute, eta Sanloko Pneumax taldekoek finalera sailkatzeko aukerak dituzte. Horretarako, baina, gaur arratsaldean, 17:30ean, IMH kiroldegian jokatuko duten partida irabazi beharko dute, Mecalbe Eibar Eskubaloia taldearen aurkako derbia, hain zuzen ere. Nesken kadete mailan diharduen Salento Gelati taldea ere egoera berean dago. Asteburuan Eibar Eskubaloia taldeari irabaziz gero, Gipuzkoako Kopako txapeldunak izango dira. Izan ere, Arrate multzoko lehen postuan daude elgoibartarrak, lau punturekin, Aialarekin berdinduta. Azken jardunaldian elkarren aurka jokatuko dute bi taldeek, Olaizaga kiroldegian. Zapatuan izango da neurketa, 11:30ean.
Azkenik, senior emakumezkoen Gaurve Asesores taldeak Gipuzkoako Koparako sailkatzeko partida jokatuko du, domekan, Olaizaga kiroldegian. Gaurvekoek Donostiako Bera Bera taldearen aurka jokatuko dute, 11:30ean hasiko den norgehiagoka.

2023 05 24 cimde elgoibar sanlo kopako txap 1