Mendi bizikletan ibiltzeko teknikei buruzko ikastaroa eta irteera antolatu ditu Morkaikok

Barren.eus 2023ko mai. 22a, 15:05

BTT edo lur orotako bizikleta zaleentzako ekimena antolatu du Morkaiko mendi taldeak ekainaren 10erako, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera.

Mendi taldetik zehaztu dutenez, maila mixtoko BTT teknika ikastaroa antolatu dute, eta Eneko Ado izango da mendi bizikletan ibiltzeko hainbat teknika irakatsiko dituen irakaslea. Mendi bizikletan ibiltzera ohitua dagoen edonorentzako moduko ikastaroa izango dela azaldu dute. Besteak beste, mendira irtetean hobeto pasatzeko eta seguruago ibiltzen irakatsiko die Edok.

Ikastaroa Oiartzunen egingo dute ekainaren 10ean, eta hara joateko 8:15ean elkartuko dira Guass-eko aparkalekuan, Oiartzuneraino kotxez joateko. Goiz partean egingo dute ikastaroa, 10:00etatik 14:00-etara. Bazkalostean, berriz, BTT ibilbide bat egingo dute, goizean ikasitakoa praktikara eramateko, Oiartzun inguruko basoetan.

Antolatzaileek ohartarazi dute hamabi lagunentzako lekua dagoela ikastaroan, eta izena emateko ordena hartuko dute aintzat, plaza kopurua gaindituzz gero. Morkaikoko bazkideek 40 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko, eta 50 euro gainerakoek. Prezioan, ikastaroa bera eta bidaiko gastuak sartzen direla zehaztu dute. Bazkaria norberak eraman beharko du. Online eman beharko da izena (HEMEN).