Gaur jokatu dute Amurrioko Sari Nagusia, junior mailako Euskadiko Txapelketa ere izan dena. 22 kilometroko zirkuito bati bost itzuli eman dizkiote txirrindulariek, guztira 111 kilometroko ibilbidea osatzeko. Itzuli bakoitzean bi mendate igo dituzte: Zaroabe eta Lezamakoa, eta 155 txirrindularik parte hartu dute. Eta Elgoibarko Lagun Taldeko Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) izan da denetan azkarrena. Esprinean erabaki da lasterketa. 2:55:16ko denbora egin du Ortegak, eta denbora bera markatu dute sailkapeneko hurrengo laurek: Gari Ugarte Larreak (Bellota-Goierri), Jon Conejero Laconchak (Grupo Eleyco-Iturribero), Aimar Alarcia Quintanok (Iruki Donostialdea) eta Ander Irazabal Pikatzak (Egurrola-Urdabai).