Mendizaleen mendirako gogoa, eguraldiaren gainetik

Barren.eus 2023ko mai. 13a, 14:26

Joan den astean egin duen eguraldi euritsuak mendira joateko gogoa kendu die Morkaikoren Egunerako izena emanda zeuden hainbat laguni, baina eguraldia gorabehera, asko izan dira Elgoibarko Itzulia eta Itzulitxoa osatu duten lagunak.

Aurreko egunetan, eta bereziki atzo, bota zituen euri zaparradak ikusita, izena emanda zeudenen erdiak agertu dira gaur goizaldeko 6:00etan Kalegoen plazara. Morkaikotik jakitera eman dutenez, ia 200 lagun zeuden izena emanda Elgoibarko Mendi Itzulia egiteko, eta gutxi gorabehera, erdiak azaldu dira irteerara. Ez da aurreko urteetako jendetzarik ibili Elgoibar inguratzen duten mendietan, baina gutxi ere ez dira izan, inondik inora. Eguna argitu duenean lainopean zeuden Elgoibarko mendiak, baina ateri eusten zion eguraldiak. Hala, giro hezearekin izan arren, euri gutxirekin egin ahal izan dute mendizaleek 39 kilometroko ibilbidearen lehen zatia, ostarteak 11:00ak aldera arte iraun baitu. Aldiz, Aiastiako anoa postutik Kalamuara arteko bidean harrapatu ditu euriak hainbat lagun, euriak baino lokatz artean aurrera egin beharrak zaildu badie ere ibilbideko azken zatia. "Joan den astean egin dituen zaparradak eta gero, sinatu egingo nukeen gaur eduki dugun eguraldia edukitzeagatik. Bioin pareraino primeran joan gara. Ez dago gehiago eskatzerik", zioen mendizaleetako batek Kalamuan gora, euripean zihoala.

Zenbait mendizalek ibilbidea laburtzea erabaki dutela esan dute mendi taldekoek, eta guztia osatu gabe bertan behera laga dutenak ere dezente izango zirela uste dute.
Urtero moduan, Elgoibarko Itzulia egiten ari ziren mendizaleak Itzulitxokoekin gurutzatu dira Iruiturri parean. Hauek ere, izena emanda zeudenen erdia edo abiatu dira, batzuek Kalegoen plazatik eta Idotorbetik besteak, 120 bat lagun guztira. Idotorbetik oinez hasi eta berehala hasi da euria, baina ez du gehiegirik bota eta aterkien laguntzaz osatu du bidea umez eta familiaz osatutako taldeak.
Morkaikoren Egunari amaiera emateko, Finalista Eguneko dominak banatu ditu Morkaikok, 13:30ean, elizako arkupeen babesean. Aurten 77 umek eta gaztetxok jaso dituzte dominak, 2022ko maiatzetik 2023ko apirilera bitartean igotako mendiengatik. Gutxienez bost mendi igo behar ziren zerrenda aurkeztu eta domina lortzeko eta 30 umek jaso dute domina bost mendi igoteagatik. Bederatzi lagunek jaso dute domina hamar mendi igotzeagatik, hamazortzi lgunek hamabost mendi igotzeagatik, hamar lagunek hogei mendi igotzeagatik, zortzik 25 mendi igotzeagatik, batek 30 mendi igotzeagatik eta, azkenik, bi lagunek jaso dute domina 35 mendi igotzeagatik.
Atera dituzten kamiseta berriak ere saldu ditu Morkaikok plazan eta demaseko arrakasta eduki dute, talla batzuk agortu egin baitira. Hilabete barrurako izango dituztela gehiago azaldu dute, gehiagorako eskaria egina dute-eta.

 

2023 05 13 morkaikoren eguna finalista dominak danak

2023 05 13 MORKAIKOren eguna itzulitxoa Idotorbe taldearg

2023 05 13 morkaikoren eguna itzulitxoa BARREN aterkiegaz

2023 05 13 morkaikoren eguna itzulitxoa BARREN b1

2023 05 13 morkaikoren eguna ITZULIA BARREN

2023 05 13 morkaikoren eguna ITZULIA BARREN aterkiagaz

2023 05 13 morkaikoren eguna ITZULIA BARREN 2

2023 05 13 morkaikoren eguna ITZULIA BARREN posean