Mendarotik eta Elgoibartik pasa da Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa

Barren.eus 2023ko mai. 12a, 13:58

Etxebarrian hasi eta Markina-Xemeinen bukatuko da 2023ko emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, eta azken kilometroetan Mendarotik eta Elgoibartik igaro dira txirrindulariak, euria eta haizea protagonista izan diren etapan.

Demi Vollering eta Anemiek Van Vleuten dira itzulia irabazteko faborito nagusiak, eta lehenak, Vollering (SD Works) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du 122,2 kilometroko lehen etapa. Irabazleak azken mendatean, Urkaregiko igoeran, jo du erasoa, Elgoibartik Aiastiarako bidegurutzea hartu eta bat ia (beheko argazkian), eta atzean laga ditu aurkari guztiak. Aiastiatik Markinara arteko jaitsieran ere ondo moldatu da, eta bakarrik gurutzatu du helmuga marra. Iaz Itzuliko hiru etapak irabazi zituen Vollering-ek, eta bide beretik hasi du aurtengoa ere, etapa irabazita, eta liderraren elastikoa jantzita.

Irabazlearen taldekidea den Marlen Reusser (SD Works) sailkatu da bigarren postuan, 47 segundora, eta Katarzyna Niewiadoma (CANYON//SRAM Racing) izan da hirugarren, irabazlearekiko 49 segundora. Lasterketa irabazteko faborietako bat den Annemiek van Vleutenek (Movistar) laugarren postuan gurutzatu du helmuga, garailearekiko 51 segundora.

Hiru etapa izango ditu guztira Emakumeen Euskal Herriko Itzuliak, eta gaur hasi, eta domekan amaituko da lasterketa, Donostian. Lasterketaren hiru etapak kontuan hartuta, zazpi mendate gainditu beharko dituzte: lehenengo mailako bat, bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako lau. Partaideen artean World Team mailako zortzi talde arituko dira, eta Kontinental mailako hamahiru. Tropelean izango dira Movistar, Laboral Kutxa, Bizkaia-Durango eta Sopela.

2023 05 12 eh itzulia emakumeak elgoibartik BARREN

2023 05 12 eh itzulia emakumeak elgoibartik BARREN 1