2023ko udako kirol udalekuetan izena emateko epea, zabalik

Barren.eus 2023ko mai. 3a, 14:13

Uda sasoirako kirol udalekuak antolatu ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, 7 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzenduta (2007-2016 urte bitartean jaiotakoak).

Izena emateko epea ekainaren 2ra artekoa izango da, eta interesdunek Olaizaga kiroldegiko harreran edo olaizagaharrera@hotmail.es posta elektronikora idatziz eman ahal izango dute izena. Patronatuko bazkideek 106,20 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 116,50 euro.

Ekainaren 26tik uztailaren 21era, astelehenetik ostiralera, goizeko 9:30etik 12:30era, hainbat kirol (eskalada, atletismoa, mendi bizikleta, orientazioa, futbola, eskubaloia, herri kirolak, frontoiko jolasak, mendizaletasuna, patinajea, padela, tenisa, Mintxetako igerilekuak, ur jolasak, zumba, e.a.) egiteko aukera izango dute 2011 eta 2016 urteen bitartean (biak barne) jaiotako haurrek. 2007-2010 urteen bitartean jaiotako gazteek, berriz, Goi Mailako Kirol Udalekuetan maila handiagoko kirola egiteko aukera izango dute. Aipaturiko kirolak egiteko Olaizaga eta IMH kiroldegiak, Mintxetako kirol instalazioak, igerilekuak, Ikastolako frontoia eta herriko beste hainbat gune erabiliko dituzte.

Iaz, ia 300 umek hartu zuten parte udako kirol campusean.