Modelos Modelberri saskibaloi taldeak Take Coach taldea izango du aurkari igoera kanporaketan

Barren.eus 2023ko api. 25a, 16:31

Denboraldi aparta egiten ari da Modelos Modelberri Elgoibarko saskibaloi taldea eta playoff-ak jokatzeko sailkatu da, Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzeko bidean.

Gipuzkoako Hirugarren Mailako liga txapelketan hogei talde aritu dira lehian, hamar taldeko bi multzotan banatuta. Modelos Modelberrik jokatutako 18 partidetatik 16 irabazi zituen eta bere multzoko lehen postuan amaitu zuen liga erregularra. Hala, erakustaldia emanez sailkatu zen igoera kanporaketetara. Beste multzoko laugarren sailkatua, Astigarragako Mundarro taldea, izan zuten aurkari final-laurdenetako lehian, domekan Olaizagan jokatu zuten neurketan. Sailkapen hoberena lortu zuen taldearen etxean jokatu zuten kanporaketa, partida bakarrera. Elgoibartarrek 50-45 irabazi zuten eta finalerdietarako sailkatzea lortu. Kanporaketa hori ere partida bakarrera jokatuko dute, eta berriro ere etxean. Tolosako Take Coach taldea izango dute aurkari, beste multzoan bigarren amaitu zuen taldea. Tolosarrek Beasaingo Arri BKL Gaztelu taldea kanporatu zuten final-laurdenetan.

Modelos Modelberrik eta Take Coach taldeen arteko lehia maiatzaren 7an izango da, esan bezala, Olaizaga kiroldegian. Irabazlea maiatzaren 14an jokatuko den finalerako sailkatuko da, baina galtzaileak izango du igoera lortzeko aukerarik, hiru talde igoko baitira Gipuzkoako Bigarren Mailara. Hortaz, finalerdietako galtzaileen arteko lehiatik irtengo da igoera lortuko duen hirugarren taldearen izena.