Igeriketa Eguna bertan behera, kiroldegiko beharginen greba deialdia dela-eta

Barren.eus 2023ko api. 20a, 12:49

Elgoibarko Igeriketa Taldeak Igeriketa Eguna zuen antolatuta zapaturako, eta Elgoibar eta Mendaroko 180 eskola-ume zeuden parte hartzeko izena emanda.

Udal Kiroldegiko behargin azpikontratatuak, baina, greba mugagabea hasi edo ez erabakitzen ari dira. Gaur erabaki behar dute grebara batu ala ez, BPXport enpresak eginiko proposamena aztertu ostean. ELA sindikatutik jakitera eman dutenez, 20:00ak arteko epea dute botoa emateko. Proposamenarekin ez daudela ados erabakiko balute hasiko lukete greba mugagabea.

Egoera honen aurrean, Igeriketa Eguna bertan behera lagatzea erabaki du Elgoibarko Igeriketa Taldeak. Igeriketa Eguna antolatzeko "berme nahikorik" ez dutela ikusten jakinarazi diete izena emanda zeuden lagunei bidali dieten oharrean, sorosle eta monitorerik gabe ezin baitute ekitaldi hori antolatu. "Lan gatazka horrek baldintzatuta, datozen asteetan Igeriketa Eguna ospatzeko aukera berririk egongo denik ezin dugu ziurtatu, baina gure nahia da ahalik eta lasterren irtenbide bat bilatu eta horren erantzun arrakastatsua izan duen Igeriketa Eguna ospatzea", azaldu dute.