Hiru eguneko irteera antolatu du Morkaiko Mendizale Elkarteak Iparraldera maiatzaren 1eko jai-zubirako

Barren.eus 2023ko api. 12a, 11:34

Hiru eguneko irteera da antolatu dutena, apirilaren 29tik maiatzaren 1era artekoa, eta Baigorrin hartuko dute ostatua. Apilaren 29an, Bagargiako lepotik Artanolatza gainera (1530 m) igoko dira eta Okabe gailurra eginda (1466) Bagargiara itzuliko dira. Biharamunean, apirilaren 30ean, Zaro-Gatarre-Zaro mendi ibilaldia egingo dute, eta maitzaren 1erako, Aldude-Alba eta Elizondo lotzea dute aurreikusita. Dena den, beste ibilbide batzuk ere begiz jo dituzte, eguraldiak lar lagunduko ez balu, aldatu ahal izateko. Baigorrin hartuko dute ostatu, hori bai, eta jaiaz gozatzeko aukera ere izango dute mendizaleek. Izan ere, apirilaren 30ean, Nafarroaren Eguna ospatuko dute Baigorrin eta egun osoko ekitaldi sorta dago antolatuta: kontzertuak, dantza, musika... 

 
Irteerako bi prezio zehaztu dituzte. Morkaiko Mendizale Elkarteko bazkideek 185 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, 205 euro. Izena emateko ondoko lotura honetan sartu behar da eta izen-emate orria bete. Izena ematerakoan, 50 euroko fidantza ordaindu beharko da, eta antolatzaileek argi utzi dute dirurik ez dutela itzuliko azken unean ez joatea erabakitzen duenari. Izena emateko azken eguna apirilaren 21a izango da. 
 
 
Ordainketa egiteko kontu zenbakiak hauek dira.  Dagokizuen kopurua kontuetako baten sartu eta morkaiko@morkaiko.eus –era bidali behar duzue gero ordainagiria.
 
    Euskadiko Kutxa ES83 3035 0007 27 0071104751 
    Kutxabank ES36 2095 5036 5410 6012 9326 
 
Apirilaren 29an goizeko seiretan abiatuko dira Eibarko Ego Gain geltokitik. Bi geldialdi egingo ditu mendizalean jasotzeko: bata, Eibarren, Bidebarrieta kaleko 66ko geltokian, 6:05ean, eta bestea, Elgoibarren, King Kongeko geltokian, 6:15ean. Ordurako agertzea ezinbestekoa da.