Alebinen eta infantilen txirrindularitza lasterketa jokatuko dute zapatuan Mendaron

Barren.eus 2023ko mar. 29a, 11:08

Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak antolatuta, alebin eta infantil mailan diharduten txirrindularientzako lasterketa jokatuko dute zapatuan, apirilaren 1ean, Mendaron.

Igartualdea industrialdean lehiatuko dira txirrindulari gaztetxoak, adin tarte horietako txirrindulariekin egiten duten eran. Hori dela eta 16:00etatik aurrera itxita egongo da industrialderako sarrera. Lasterketak 16:30ean hasiko dira. Alebinek hiru itzuli eman beharko dizkiote ia bi kilometroko zirkuituari eta sei itzuli osatu beharko dituzte infantilek.

Era berean, denboraldirako argazki ofiziala ere atera du Elgoibarko Lagun Taldeak, eta eskerrak eman dizkiete babesleei eta laguntzaileei. "Hau zuen laguntzarik gabe ezinezkoa zatekeen. Mila esker guztioi: Besa, Manufacturas Ges, Gaindu, Dikar, Gobike, Bizkor Bizikletak, Hirulan, Iraegui, Uztarri eta Mintxeta tabernari".

2023 03 29 elgoibar lagun taldea arg ofiziala