Eneko Ortega UCI mailako Bernaudeau Klasikoan lehiatu da euskal selekzioarekin

Barren.eus 2023ko mar. 22a, 13:50

Euskadiko junior mutilen selekziorekin lehiatu da Eneko Ortega txirrindulari elgoibartarra Frantzian, UCI mailako La Bernaudeau Klasikoan.

Frantziako Vendee eskualdean jokatu zuten aurreko domekan 130 kilometroko ibilbidea duen La Bernaudeau lasterketa. La Roche sur Yon abiatu zuten lasterketa, oso teknikoak ziren 95 kilometro gainditu ostean, azken 35 kilometroak zirkuitu batean egin zituzten, zazpi kilometroko zirkuituari bost itzuli emanda. Helmuga La Tardièren izan zen.

Junior mailan diharduten txirrindulari frantziarrek osatu zuten tropela gehienbat, baina Europa osotik joandako talde indartsuetako txirrindulariak ere lehiatu ziren. Euskadiko junior mutilen selekzioak 2005ean jaiotako bost ordezkari izan zituen, eta Eneko Ortega Larrañaga txirrindulari elgoibartarra izan zen horietako bat.
Euskal txirrindulariak saiatu ziren arren, ez zuten indar nahikorik izan lasterketa buruan osatu zen hogei txirrindulariko taldean sartzeko, eta garaipenerako borrokatik kanpo gelditu ziren. Titouan Fontaine gailendu zen, eta Unax Errasti Urteagak lortu zuen emaitzarik onena euskaldunen artean, 29. postuan sailkatuta.

Mikel Alonso Oiarbide hautatzaileak balorazio oso positiboa egin du asteburukoaz: “Gure txirrindulariak 90. kilometrora arte leihakorrak izan daitezke, baina pentsa hemen 140 kilometro egin zituzten neutralizatutako zatia kontuan hartuta eta 3h30 izan ziren. Gure txirrindulariak ohituta daude honen erdia egitera eta lasterketa luzeagoetan lehiakorrak izan daitezen lan egin beharko dugu. Hurrengo helburua estatuko txapelketak izango dira eta espero dut hori baino lehen beste lasterketa interesgarriren batean parte hartu ahal izatea.”