Ibon Baskaran snowboarderra Pirinio Garaiak departamenduko txapeldun

Barren.eus 2023ko mar. 22a, 15:51

Amaitzear den denboraldia aparta izaten ari da Ibon Baskaran Beristain (Elgoibar, 2012) snowboarder gaztearentzako. Pirinioetan eta Alpeetan jokatu dituen hainbat proba irabazi ditu, modalitate desberdinetan gainera.

Luz Ardideneko Ski Toy taldeko kidea da elgoibartarra, 2020tik, baina pandemia dela-eta iaz hasi zen lasterketetan lehiatzen. Frantzian lehiatzen da, Poussin izeneko kategorian. Lehen txapelketatik hasi zen nabarmentzen eta garaipenak lortzen. Iaz, La Mongien jokatu zuten Eslalon Erraldoiko goizeko eta arratsaldeko saioak irabazi zituen. Urtarrila bukaeran, Saint Laryn Bank Slalom lasterketa irabazi zuen bere kategorian, eta baita bat goragokoa ere. Hortaz, eman zuen maila onari esker, Frantziako Pirinioetako taldearen (Commisission Snowboard Pyrenees) deia jaso zuen, eta honek Alpeetan lehiatzeko aukera eman dio aurten. Birritan egon da Alpeetan, Kid National Tour (France Snowboard Series) lasterketan parte hartzeko. Urtarrilean lehenik, eta joan den asteburuan egin du bigarren egonaldia. Puy Saint Vicenten (Frantziako Alpeak), urtarrilaren 27tik 29ra eta joan zen asteburuan, berriz, Serre Chevalier estazioan lehiatu zen. Alpeetan 15 urtera arteko lehiakideak eduki ditu 10 urteko elgoibartarrak, baina izugarri pozik itzuli da bizi eta ikasitakoekin. Momentuz, bere kategoriako 8. postuan dago, eta Frantziako Federazioaren deiaren zain dago, apirilean jokatuko duten azken probara joango den ala ez jakiteko. Proba Chamonix-en jokatuko dute apirilaren hasieran. Nathalie Tristan da Baskararen entrenatzailea, eta Alpeetako pisten ezaugarietara primeran moldatu dela azaldu du, daukan adinerako heldutasuna erakutsi duela lehiakide gazteenetarikoa izan arren, eta izaera lehiakorra duela dio.

Pirinioetan jokatu diren lasterketetan garaile izan da bere kategorian. Slalom Cross proban gailendu zen otsailaren 19an, Les Petit Monstres lehiaketan, Guzet-eko estazioan. Horrez gain, egun berean jokatu zuten freestyle edo estilo libreko proban bigarren postuan sailkatu zen. Otsailaren 25ean Vall Louroneko Eslalon Erraldoia irabazi zuen eta martxoaren 4an eta 5ean etorri zen denboraldiko lorpenik handiena, etxetzat duen Luz Ardiden estazioan. Bi egunetako Boardercross probak irabazita, larunbatekoa zein igandekoa. Garaipen guzti horien ondorioz, martxoaren 4an Pirinio Garaiak (Hautes Pyrenees) departamenduko txapelduna izendatu zuten.

Hona denboraldi honetako zenbait irudi:

2023 03 22 ibon baskaran snowboard elgoibar podiumean

2023 03 22 ibon baskaran snowboard elgoibar podium 2

2023 03 22 ibon baskaran snowboard elgoibar 2

2023 03 22 Ibon baskaran saltoa snowboard

2023 03 22 ibon baskaran snowboard elgoibar alpeetasn chevalier taldekideekin

2023 03 22 ibon baskaran snowboard elgoibar taldean

∞Lotura duten albisteak: