Julen Urruzolak junior mailako Espainiako eskubaloi selekzioarekin jokatuko du Hungariako Nazioarteko Txapelketa

Barren.eus 2023ko mar. 7a, 17:02

Junior mailako Espainiako eskubaloi selekzioak nazioarteko txapelketa bat jokatuko du Hungarian, martxoaren 10ean eta 11n, eta oraingoan ere deialdian sartu dute Julen Urruzola elgoibartarra.

 Ekainaren 20tik uztailaren 2ra bitartean Alemaniak (Berlin, Magdeburgo eta Hannover) eta Greziak (Atenas) elkarrekin antolatuko duten junior mailako Munduko Txapelketarako prestatzen ari da Espainiako eskubaloi selekzioa -Hispanos Junior-, eta prestaketa horren barruan jokatuko dute Hungariako nazioarteko txapelketa. Rodrigo Reñones hautatzaileak adierazi du entrenamenduetan egiten ari diren lana zer puntutan dagoen neurtzeko aukera emango diela txapelketa honek, udan jokatuko duten Munduko Txapelketara sasoi puntu gorenean iristeko bidean. Reñonesek gaineratu du maila handiko taldeak izango dituztela aurkari Hungarian. Espainiak Hungariaren aurka jokatuko du lehen finalerdia, martxoaren 10ean. Beste finalerdian Eslobenia eta Portugalek neurtuko dituzte indarrak eta zapatuan izango dira 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida eta finala. Deialdian sartu dituzten hamasei jokalariak Madrilgo Azuquena de Henares herrian kontzentratuta daude astelehenaz geoztik. Eguenean hartuko dute Budapestera eramango dituen hegaldia, eta Hungariako hiriburutik Siofok hirira joango dira, han jokatuko baitute txapelketa

 • June Loidik zilarrezko domina, Portugalen
Espainiako senior mailako emakumezkoen eskubaloi selekzioak, -“Guerreras” taldeak- Batalha izeneko nazioarteko txapelketa jokatu zuen aurreko asteburuan Portugalen, eta taldekidetako bat izan zen Super Amara Bera Bera taldeko jokalari June Loidi elgoibartarra. Espainiako taldeak Cabo Verdekoaren aurka jokatu zuen lehen partida eta 35-11 irabazi zuten espainiarrek. Defentsako jokoan nabarmentzen den Loidik bi gol sartu zituen. Txapelketako bigarren patidan Italiako selekzioaren aurka jokatu zuten “Guerreras” taldekoek eta partida hori ere irabazi egin zuten (22-35). Partida hortan ere bi gol sartu zituen Loidik. Bi partidak irabazita finalerako sailkatu zen Espainiako selekzioa eta etxeko taldea, Portugal, izan zuten aurkari finalean. Portugalek gol bateko aldeaz irabazi zuen, 20-19ko emaitzarekin. Hortaz, zilarrezko domina irabazi zuen Espainiako taldeak.