Oinarrizko txirrindularitzarik gabe elitekorik ere ez dagoela ohartarazi dute Eibarren

Barren.eus 2023ko mar. 6a, 14:20

Eibarko Txirrindulari Elkarteak deituta, protesta-ekitaldia egin zuten atzo Eibarren, lasterketetako segurtasuna bermatzeko baliabideak eskatzeko agintariei. Gipuzkoako Txirrindulari Elkarteak bat egin zuen deialdiarekin, bai eta Elgoibarko Lagun Taldeak eta Mendaroko Txirrindulari Elkarteak ere.

"Tourra ginda gorri eta disdiratsua da, baina beheko tarta galtzear gaude bide honetatik jarraituz gero, eta ginda bat, oso gorri eta disdiratsua izanda ere, ez da ezer, azpiko pastelik gabe", adierazi zuen atzo Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindulari Elkarteko presidenteak.

Eibarko Udaberri saria juniorren lasterketa jokatzekoa zuten atzo Eibarren, baina antolatzaileek bertan behera laga zuten lasterketa, derrigorrean. Lasterketetan bidegurutzeak zaindu eta segurtasuna bermatzeko lanak egiten dituzten moto-zaleak greban daude, eta haiek gabe, lasterketak antolatzeko baimenik ez dute ematen Herrizaingo Sailetik, Trafikotik, lasterketetarako behar beste ertzain ere ez dagoelako. Asteburuan hastekoa zuten errepideko denboraldia txirrindularitzan, baina egoera honetan asteburuan jokatzekoak ziren bi lasterketak ez dira jokatu -kadeteen Beasaingo Usurbe proba eta Eibarko Udaberri Saria- eta datorren asteburuan jokatzekoak ziren beste hiru ere bertan behera laga dituzte antolatzaileek: afizionatuen Aiztondoko Klasika (Espainiako Koparako puntuagarria) eta Mutrikuko eta Mendaroko lasterketak (Juniorrena bata, eta kadeteena bestea). Antolatzaileek babesa agertu zieten atzo lotura lanak egiten dituzten moto-zaleei eta behar diren baliabideak jartzeko eskatu zieten agintariei, gailurrik ez dagoelako oinarririk gabe, eta oinarria lehiatu ezinda dauden txirrindulariek osatzen dutelako.

Txirrindulari gaztetxoak, klubetako ordezkariak, txirrindulari profesionalak izandakoak eta egun elite mailan lehiatzen diren bakarren bat (Peio Goikoetxea Goiogana Euskaltel-Euskadikoa kasu), lasterketetan lotura lanak egiten dituzten moto-zaleak, Eibarko Udaleko zenbait ordezkari eta dozenaka eta dozenaka zale elkartu ziren atzoko elkarretaratzean, eta hiru lagunek hartu zuten hitza: Arritxu Iribar kazetari eta Gipuzkoako Federazioko Kideak, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakari Santi Osorok eta Eibarko Txirrindularitza Elkarteko presidente Angel Lopezek. Egoera hau lehenbailehen konpontzeko eskatu zuten guztiek eta txalo hots handi batekin amaitu zuten protesta ekitaldia.

2023 03 05 protesta eibar txirrindulariak motorzaleak BARREN kartelegaz

2023 03 05 protesta eibar txirrindulariak motorzaleak BARREN

2023 03 05 protesta eibar txirrindulariak motorzaleak BARREN ilaran

2023 03 05 protesta eibar txirrindulariak motorzaleak BARREN 5

2023 03 05 protesta eibar txirrindulariak motorzaleak BARREN 4

2023 03 05 protesta eibar txirrindulariak motorzaleak BARREN 1

2023 03 05 protesta eibar txirrindulariak motorzaleak mendaroarrak BARREN