Hodei Ezpeletak eta Jokin Urretabizkaiak irabazi dute Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa

Barren.eus 2023ko ots. 27a, 13:31

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren finalak jokatu zituzten, atzo, Urrestillako Txikuri frontoian.

Aizkolarien arteko finalean lau bikote aritu ziren lehian. Hiru bikote multzoetako sailkapenen buru izateagatik sailkatu ziren finalerako eta laugarren bikoteak, Hodei Ezpeleta Bihurrik eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'ek osatutakoak, bigarren postuan sailkatuetakoen arteko finalerdia irabazita lortu zuen finalerako sailkatzea, eta hain justu, zuzeneko sailkapena lortu ez zuen bikotea izan da onena finalean.

Urrestillako finalean askotariko lanak egin behar izan zituzten aizkolariek: 45 ontzako enbor bat kolpeka ebaki, beste enbor bat erlojupekoan, kanaerdiko bat zutik, 65 ontzako bat abiadura proban, 45 ontzakoa zutik, kanaerdiko bat etzanda, eta bukaeran, bina kanaerdiko, 60 eta 65 ontzako enbor. Azken lan luzea 24 segundoko atzerapenarekin hasi zuten arren, Ezpeleta mendaroarrak eta Basozabal donostiarrak osatutako bikotea izan zen lanak amaitzen azkarrena, 17 minutu eta 19 segundo behar izan baitzituzten lanak bukatzeko. Irabazleek 50 segundoko aldea atera zieten bigarren lanik onena egin zuten Iker Vicenteri eta Jon Rekondori. Otsagabia eta Leitzako aizkolariak osatutako bikoteak 18 minutu eta 9 segundoan bukatu zituen lanak. Mikel Larrañaga eta Txomin Amundarain hirugarrengoan (18:52) eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Ioritz Gisasola Zelai IV.ak osatutako bikotearentzat izan zen laugarren postua, 19:16ko denborarekin.

Gauzak horrela, titulu garrantzitsuak eskuratzen jarraitzen du Mendaroko aizkolari gazteak. Banakako Euskal Herriko Txapelketa irabazi du azken bi urteetan jarraian, eta binaka ere urrezko aizolaria dela erakutsi du orain. Aizkolari handiek irabazi dute azken urteetan Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa. Hona palmaresa:

  • 2023 Ezpeleta-Basozabal
  • 2022 Txikia IV-Paolla
  • 2021 Soroa-Amundarain
  • 2020 Larrañaga-Rekondo
  • 2019 Vicente-Saralegi
  • 2018 Vicente-Saralegi
  • 2017 Atutxa-Mugertza
  • 2016 Atutxa-Mugertza
  • 2015 Atutxa-Mugertza
  • 2014 Atutxa-Mugertza
  • 2013 Otaegi-Otaño
  • 2012 Otaegi-Otaño
  • 2011 Azurmendi-Atutxa
  • 2010 Larretxea-Larretxea
  • 2009 Larretxea-Atutxa
  • 2008 Larretxea-Atutxa
  • 2007 Nazabal-Azpilikueta
  • 2006 Senosiáin-Mindegia
  • 2005 Nazabal-Erdozia
  • 2004 Larretxea-Mindegia
  • 2003 Larretxea-Mindegia
  • 2002 Arrospide-Arria
  • 2001 Nazabal-Peñagarikano

2023 02 26 urrezko aizkora binaka finala besarkada ezpeleta basozabal uztarria

2023 02 26 urrezko aizkora binaka finala ibon errazu

Urrestillan jokatutako bi finaletan ateratako irudiekin argazki-bilduma osatu du Ibon Errazu Uria argazkilariak. Goiko irudiak ere berak ateratakoak dira.