Ramon Garciak bigarren egin du Tarazonako Master lasterketan

Barren.eus 2016ko ots. 25a, 11:58

Tarazona Hiria txirrindulari lasterketa jokatu zuten Zaragozako Tarazona hirian, joan den asteburuan. Zapatuko eta domekako etapetako emaitzak batu ostean, German Gil Burgoseko txirrindulariak lortu zuen sailkapen nagusiko lehen postua. Ramon Garcia elgoibartarrak egin zuen bigarren.

Toyota Euskoauto taldeko Ramon Garcia txirrindulari elgoibartarrak indartsu hasi du Master mailako denboraldia. Garaipena eskuratu zuen denboraldiko estreinako proban, Laudikoko Master Klasikoan, eta bigarren postua lortu du orain Turiasco txirrindulari taldeak antolatutako Tarazona Hiria lasterketan, joan den asteburuan. 

Zapatuan jokatu zen 75 kilometroko etapan aldapa handiegirik gabeko zirkuitu bati hainbat itzuli eman behar izan zizkioten txirrindulariek. Zenbait ahaleginen ostean, 11 lagunek osatutako taldeak tropeletik ihes egitea lortu zuen. Iheslariak elkarrekin ailegatu ziren amaierara eta Iruntxiki taldeko Jorge Sanz izan zen azkarrena esprintean. Ramon Garciak gurutzatu zuen helmuga marra bigarren postuan. Tropela 27 segundoko atzerapenarekin ailegatu zen helmugara. 107 txirrindularik amaitu zuten lehen etapa.

•Ihesaldietan erabaki zen bigarren etapa

Domekan jokatu zen bigarren etapak aldapa eta zailtasun handiagoak zituen 86 kilometroko ibilbidean, besteak beste, Lanzas Agudas mendatea igo behar zuten-eta birritan. Angel Vazquez (Vintage Car Paint) txirrindularia bakarrik ihes eginda ailegatu zen helmugara. Abantaila handiagoak izan bazituen ere, lau lagunek osatutako taldetxoa asko hurreratu zitzaion amaieran, besteak beste garaipena ospatu zuelako azken metroetan, eta bi segundoko aldea bakarrik atera zien Vazquezek jarraitzaileei. Lau lagun horien artean zegoen German Gil, sailkapen nagusiko irabazlea, eta bi etapetako ihesaldi nagusietan sartzea lortu zuen txirrindulari bakarra. Ramon Garciak zortzigarren postua lortu zuen bigarren etapan, Vazquez irabazlearengandik zortzi segundora. Honenbestez, bi etapetako denborak eta postuak kontutan hartuta, Garciak sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du, German Gilengandik 11 segundora, hurrengo bost sailkatuek galdutako denbora berbera, hain justu ere.

2016 02 25 ramongarcia bigarren tarazonan

Hona hemen La General TV Tarazona eta Moncayoko telebistak eginiko laburpen bideoa: (probako argazkiak hemen)