Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2023 02 02 GAURVE ASESORES sanlo seniorrak Zilarrezko oho maila ElgoibarDenboraldi gogorra izaten ari da Sanloko bi talde nagusientzat, Gaurve Asesores Elgoibar eta Alcorta Forging Group taldeentzat, azken postuak atzean laga ezinean dabiltza eta bi taldeak. Orain artekoaren baloazioa eskatu diegu bi entrenatzaileei.

Gaurvek denboraldi honetan jokatu dituen hamasazpi partidak galdu ditu Zilarrezko Ohorezko mailan, eta azken postuan daude sailkapenean. Lagunak taldea (8 puntu) eta Mecalbe Eibar (9 puntu) dituzte gertuen, liga bukatzeko bederatzi jardunaldiren faltan. Emaitza horiek, baina, ez dituzte ezustean harrapatu taldeko arduradunak. Erabat berritu zuten taldea denboraldi honetarako eta harrobiko jokalariekin osatzea erabaki zuten (17-18 urtekoak ia denak). "Badakigu kirol emaitzak ez direla onak, baina hasieratik garbi geneukan oso zaila izango zela daukaguna moduko talde gaztearekin emaitza onak lortzea, lehiakortasun handiko maila baita Zilarrezkoa. Jubenil mailan lehiatzetik Zilarrezko mailara jauzi handia dago, oso, bai jokatzeko moduan eta baita jokalarien fisikoetan ere. Ikasteko, esperientzia hartzeko eta jokalariak zailtzeko denboraldia da aurtengoa", azaldu du Lorea Gabilondo entrenatzaileak. Orain arte jokatutako partidetan ikusi ahal izan dutenaren arabera, aurkarien parean egotea lortu dute hainbat partidetan, baina azken momentuetan igarri dute eskarmentu falta, eta hori izan da punturik lortu ez izanaren arrazoi nagusia. Edonola ere, taldea egiten ari den lana goraipatu du Gabilondok eta jokalari gazteentzako aurtengoa irakaspen handia izango dela nabarmendu. "Urte zaila da, buruarentzak bereziki, eta une txarrak pasatu eta gainditu beharko ditugu, bakoitzak bere onena emanda".

2023 02 02 ALCORTA F G sanlo seniorrak Zilarrezko oho maila Elgoibar

 • Alcorta, berpizten
Emakumezkoen egoeraren antzerakoa bizi du Alcorta Forging Group taldeak, gizonezkoen Lehen Nazional mailan. Oraintsu arte azken postuan egon dira, baina bigarren itzuliko lehen bi jardunaldietan Egiaren aurka berdindu eta Ereintzari 21-22 irabazi eta gero, azkenaurreko postuan daude orain, 6 punturekin. Bi taldek galduko dute maila. Alcortak jokatutako hamazazpi partidetatik bi irabazi, bi berdindu eta hamahiru galdu ditu. Hala eta guztiz ere, aurretik dituzten taldeak ez dituzte urrunegi ere. Aurretik dituen Barakaldo Indepcak eta Tarazonak 9 puntu dituzte sailkapenean. Hurrengo jardunaldian, otsailaren 4an, Casademont Tarazonaren aurka jokatuko du Alcortak Olaizaga kiroldegian, 19:30ean (ikus hemen Sanloko taldeen partiden ordutegia).
Hasieratik mailari eustea izan dela euren helburua azaldu du Zigor Esnaola entrenatzaileak: "Bagenekien zaila izango zela, jokalari gazteak ditugulako, maila honetan esperientzia gutxikoak. Iaz eman genuen maila onaren ondotik ilusioz ekin genion denboraldiari, eta txukun aritu ginen lehen jardunaldietan, eta emaitzak aldekoak izan ez arren lehiakorrak ginen eta gustura geunden. Laugarren jardunaldian lortu genuen lehen garaipena, Palautorderari irabazita. Bi puntu horiek eta Tarazonaren aurka berdindu eta gero lortutakoa izan ziren lehen itzulian eskuratu genituen bakarrak". Esnaolak dio kantxan egin nahi zuten jokoa ezin aurkituta ibili direla oraintsu arte, eta lesioek ere ez dietela lagundu.
Bolara txarrari buelta ematen hasteko partida lehen itzuliko azkena izan zela azaldu du, honela: "Aurkari zuzen baten aurka jokatu genuen, Barakaldoren aurka, eta ez zitzaigun neurketa ona irten, inondik inora. Alabaina, inflexio puntua izan zen. Gure artean berba egin eta bat etorri ginen gelditzen zaizkigun partidetan lasaigo jokatu eta behartu gabeko akats gutxiago egin behar genituela. Alegia, gure jokoan bakarrik arreta jarri behar genuela, eta irabazi edo galdu, gutxienez gure maila eman behar genuela". Eta, iritsi dira emaitza onak. Lehen itzuli osoan lortu zuten adina puntu batu dituzte bigarren itzuliko lehen bi jardunaldietan.
Bigarren itzuliko lehen partidetan berriro lehiakorrak izatea lortu dute entrenatzailearen berbetan, lasaiago jokatuz eta akats gutxiago eginez. Eta, hala, jokalariak gehiago gozatzen ari direla nabaria dela dio. "Talde giro polita daukagu, alde horretatik ez daukagu aitzakiarik. Bost edo sei talde gaude sailkapenaren behealdeko tropel horretan, maila ez galtzeko borrokan sartuta. Azken partidetak erakutsi dugun dinamikari segida ematen badiogu emaitza onak lortzeko aukera gehiago izango dugula uste dut. Bigarren itzulietan gorabehera desberdinak egoten dira, norazezean gelditzen dira zenbait talde sailkapenaren erdialdean, ez gora ez behera egiteko aukerarik gabe, eta partida arraroak egiten dituzte, motibazioa aldatzen baita. Puntuak arrantzatzeko aukera izaten da halako aurkariekin". Hala izanik ere, bada gauzak zailtuko dizkien kontu bat: maila galtzeko arrisku handienean dauden talde horien aurkako partida ia denak etxetik kanpo jokatuko dituztela bigarren itzuli honetan. "Taldea gogotsu dago, ilusioz beteta, eta konfiantza osoa dut beraiengan. Partidaz-partida joatea da gakoa, urrunago begiratu gabe gure lana egitea. Hori da emaitza onak eskuratzeko ezagutzen dudan bidea".

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza