San Anton pilota txapelketako hiru finalak urtarrilaren 13an jokatuko dituzte

Barren.eus 2023ko urt. 11a, 13:24

Pilota jaialdi handiaz gozatzeko aukera izango dute bariku gauean Ikastolako frontoira joaten diren lagunek. Afizionatu mailako pilotari puntakoenak ikusteko aukera izango dute, horietako batzuek profesionaletara igaro aurretik.

Iazko San Anton Txapelketako finala irabazi zuen Aaron Arbizuk (Etxarri Aranatz, 1998), esaterako, Elgoibarren jokatu eta gutxira egin zuen debuta profesionalekin, Asperekin. Afizionatu zirela San Anton txapelketan jokatu eta profesionaletara igaro diren pilotari handien zerrenda amaigabea da: Beloki, Eugi, Martinez de Irujo, Olaizola, Barriola, Berasaluze...

Lagunak pilota eskolak estrainekoz antolatu duen emakumeen Lau t’erdiko txapelketaren finalarekin hasiko da jaialdia, 21:30ean. Maialen Etxegarai oñatiarrak eta Miriam Arrillaga aginagarrak jokatuko dute finala. Etxegaraik 22-16 irabazi zion filalaurrekoa Naroa Agirreri. Beste finalaurrekoan, Arrillagak 22-19 irabazi zion Miren Larrarteri.Amasa-Villabonako Behar Zana pilota taldeko kideak ziren bi pilotariek partida serioa eta borrokatua jokatu zuten, elkar ondo ezagutzen baitute. Hamabostnako berdinketaren ostean, Arrillagak hobeto kudeatu zuen tentsioa eta berak lortu zituen garaipenerako bidea eman zioten tantorik garrantzitsuenak.
Promesa mailako gizonezkoen finalean, Unai Amianok (Aurrera Tolosa) eta Carmelo Lozak (Barberito) osatutako bikoteak, Beñat Zubizarreta (Lapke) eta Eneko Beloki (Gazteleku) izango dituzte aurkari. Zuizarretak eta Belokik 22-12 mendeperatu zituzten Ekhi Irribarria (Lapke) eta Unax Landa (Oiarpe), urtarrilaren 5ean jokatu zuten finalerdietako neurketan.

Azkenik, senior mailako finalean Iñaki Elolak (Aurrera Tolosa) eta Ekain Lizeagak (Mundarro) Ander Muruaren (Soraluze) eta Antton Apezetxearen (Umore Ona) aurka jokatuko dute. Muruan eta Apezetxeak Unai Mata (Oberena) y Gorka Ugartemendia (Aurrera Tolosa) kanporatu zituzten finalerdietan, 22-8ko emaitzarekin.

2023 01 10 san anton pilota txap maialen etxegaraia BARREN

 

∞Lotura duten albisteak: