2023ko Mugertza krosa, irudietan

Barren.eus 2023ko urt. 8a, 19:19

Mugertza krosaren 79. ekitaldia atletismo jardunaldi bete-betea izan da. Ia 900 atletek hartu dute parte Mintxetan jokatu dituzten hamabi lasterketetan, eta iaz moduan euritan egin dituzte proba gehienak, azken probarako eguzkia kuku egitera irten bada ere. Lasterketa nagusietan, Rahel Daniel (Eritrea, 2001) emakumezkoenan; eta, Selemon Barega (Etiopia, 2000) gizonezkoetan, izan dira azkarrenak.

Eguna ateri esnatu den arren, Mugertza kroseko lehen lasterketa hasterako, 9:30ean, euria ari zuen eta halaxe jarraitu du goiz guztian zehar, aterune txiki batzuk kenduta. Senior mailako lasterketetan egin du euririk gutxien. Euri gutxiago buru gainean, bai, baina hanka azpian lokatza gehiago izan dute nagusienek. Euriarekin lokatza sortu da, eta lokatz gunez bete dira ibilbideko hainbat zati. Ehunka atletek ibilbidea zapaltzearen ondorioz, gune jakin batzuetan korrika egitea ere kosta egiten zitzaien azken lasterketetan lehiatu diren antxitxikariei. Ikuskizuna areagotu besterik ez du egin horrek, eta iazko krosaren antza izan du aurtengoan, antzerako baldintzeta jokatu baitira azken bi urteotako probak.

Emakumezkoen proba nagusian iazko irabazle Edinah Jebitok (Kenya, 2001) zen Mugertza krosa irabazteko faborito nagusia, baina behin irabazteak ez du zurtatzen garaipena, aurkari gogorrak eduki baititu Jebitokek, antolatzaileek puntako atleta sorta ekarri baitute emakumezkoen lasterketa nagusian lehiatzeko. Horietako batek hartu dio aurrea Jebitoki, Rahel Daniel eritrear gazteak, hain zuzen ere. Daniel bada nor atletismo munduan, 2022ko Munduko Txapelketan bosgarren postuan sailkatu baitzen Eugenen (AEB), 5000 metroko lasterketan. Horrez gainera sailkapen nagusiko bigarren postuan amaitu zuen iiza kros denboraldia (World Cross Country Tour). Eta denboraldi hau sasoi betean hasi du, Burgosen Atapuercaco krosa irabaztetik iritsi baita Elgoibarrera eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du Elgoibarren. 25 minutu eta 44 segundo erabili ditu 7.621 metroko ibilbide gorabeheratsua osatzeko. Eritrear batek Mugertza krosa irabazten duen aurreneko aldia da. Edinah Jebitok heldu da bigarren postuan helmugara eta Winfred Mutile Yavi (Bahrain, 199) heldu da hirugarren postuan.
 • Txapeldun olinpikoaren bigarren garaipena Elgoibarren
Gizonezkoen proba nagusian nagusitasunez gailendu da Selemon Barega. Txapeldun Olinpikoa eta munduko txapelduna den atleta etiopiarrak nahi izan duenean laga ditu atzean aurkariak eta 33 minutu eta 14 segundoko denboran osatu ditu ibilbideko 10.796 metroak. 2018. urtean, 17 urte besterik ez zituela, lortu zuen garaipena errepikatu nahi zuen Baregak, eta lortu du. Birhanu Balew (Bahrain, 1996) izan da bigarren eta Espainiako Kros Txapelduna den Adel Mechaalek egin du hirugarren.

 Ikus Sailkapen guztiak HEMEN -PDF-

2023 01 08 MUGERTZA krosa elgoibar emak rahel daniel helmuga BARREN

2023 01 08 MUGERTZA krosa elgoibar selemon barega helmuga BARREN

2023 01 08 MUGERTZA krosa elgoibar giz selemon barega helmuga Joserra CABRERA

2023 01 08 MUGERTZA krosa elgoibar emak 3 BARREN

2023 01 08 MUGERTZA krosa elgoibar selemon barega b1 BARREN

2023 01 08 MUGERTZA krosa elgoibar igerileku lokatza BARREN

2023 01 08 MUGERTZA KROSA harmailak panoramikoa BARREN

 *Argazkiak: BARREN eta Joserra Cabrera.

∞Lotura duten albisteak: