22 lagun saritu dituzte 2022eko Kirol Federatuaren Urteko Sarietan

Barren.eus 2022ko abe. 20a, 22:02

Azken urtean nabarmendu diren kirolari, entrenatzaile, laguntzaile, zuzendaritzako kide edo babesleak saritzen dituzte Udal Kirol Patronatuak eta herriko kirol taldeek elkarlanean antolatzen duten Kirol Federatuaren Urteko Sarietan.

Ohi duten moduan, musika eskolako auditoriumean egin dute sari banaketa ekitaldia, gaur arratsaldean. Sariok 2007. urtean banatu zituzten estreinakoz eta 15. ekitaldia izan da aurtengoa (2020an ez zituzten banatu).

Kirolaren inguruko mahai-inguru bat antolatzeko ohitura du Udal Kirol Patronatuak eta gaurkoan ere egin dute solasaldia sariak banatzen hasi aurretik. Kirolean aritzen diren hiru lagun aritu dira berbetan, kirolaz baino gehiago bizitzaz, eta euren bizi esperientziek irakatsi dietenaz. Izan ere, bizitzan era batera edo bestera kolperen bat jaso duten kirolariak dira Uxoa Irigoien, Mikel Lizarralde eta Ibon Oregi.

Mikel Lizarralde eibartarrari esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 38 zituela. Ibon Oregi markinarrak, berriz, ezkerreko hanka galdu zuen orain dela bi urte izandako istripu batean, Zumaia eta Getaria artean saltaka ari zela. Uxoa Irigoien getariarra, mendi-korrikalaria izan zen lehenik, arraunlaria gero, eta orain berriz mendira itzuli da. Bidai horretan, baina, janariarekin lotutako nahasmenduek zulora eraman zuten. Ikus mahai-ingurua bideoan:

22 saritu
Guztira 22 sari banatu dituzte, horietako hiru Udal Kirol Patronatuak emandakoak, bat Joxean Agrre "Txirri"ri, igeriketa herrian sustatzeko egin duen lanagatik. 22 urtean izan da Elgoibar Igeriketa Taldeko lehendakaria eta gaur bertan laga dio kargu horri, igerian eta taldearen bueltan jarraitzeko asmoa duela jakinarazi badu ere. Bigarren sari berezia Uxue Etxeberriak jaso du Ipurua gimnasia erritmiko taldearekin aurten emaitza oso onak lortu dituelako. Azken sari berezia Laura Rodriguez eta Iris Abarrategi mendi lasterkariek jaso dute. Oraintsu hil berri den kirolari handi elgoibartar bat ere gogoan izan dute gaurko ekitaldian, Ion Imanol Rementeria saskibaloi jokalaria, hain zuzen ere.

• 1.457 elgoibartar daude kirolen batean federatuta
Kirol sarikin herrian Kirol elkarteek era boluntarioan egiten duten lana aitortzea dela helburua azaldu dute Udal Kirol Patronatuko arduradunek. Elgoibarren 20 kirol elkarte daude eta horietan, guztira, 1.457 pertsona daude federatuta, hau da, Elgoibarko biztanlegoaren % 12,6. "Kopuru oso handia da, Gipuzkoako herriek dituzten federatu kopuruaren batazbestekoa %6a dela kontutan izanik. Elgoibarren bikoitza da federatutako kirolarien kopurua. Kirol elkarteek bizitza, herrigintza, herri kohesioa, balioen sustapena, e.a. luzea ematen diote herriari, horregatik Udalak bere aitortza eskaini nahi die ekitaldi honetan herriko kirol elkarte guztiei".

2022 12 20 kirol sariak merituak taula elgoibar

• Aurreko urteetako sarituak