Martin Hernandez Espainiako Kros txapelketan lehiatuko da

Barren.eus 2016ko ots. 17a, 18:46

Mintxeta Atletismo Taldeko kide Martin Hernandez Beitia antxitxikariak Espainiako Kros txapelketan hartuko du parte Euskadiko selekzioarekin, kadete mailan. Domeka honetan jokatuko da Burgosen.

Martin Hernandezek 14 urte ditu eta kros denboraldi aparta egiten ari da kadete mailako bere azken urtean. Jokatu dituen bost lasterketetatik lau irabazi ditu, tartean Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak. Historia eta prestigio handia duten Elgoibarko Mugertza krosean eta Donostiako krosean eskuratu ditu garaipenak, eta baita Hiru-Herri Nazioarteko krosean ere, Burlatan. Aurrekoez gainera, joan den asteburuan Euskadiko pista estaliko txapelketa irabazi zuen, 1.000 metroko lasterketan.

Denboraldiko lehen lasterketan, Burgosen jokatutako Atapuercako krosean, hirugarren postuan sailkatu zen. Hain zuzen ere, Burgosen jokatuko da aurtengo Espainiako Kros Txapelketa, domeka honetan. Kadete eta jubenil mailako neska-mutilak lehiatuko dira txapelketan.

Sasoiko dagoela dio eta lasterketa on bat egiteko gogotsu. Bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Burgosen (ikus ibilbidea). Lasterketa laburragoetara ohituta daudela-eta, -Euskadiko txapelketan, esaterako, 4.140 metroko ibilbidea egin zuten-, Mintxetako lasterkariak uste du distantzia horretara hobekien moldatzen denak izango duela garaipena lortzeko aukera gehien.