Ion Imanol Rementeria saskibaloi jokalari ohia hil da

Barren.eus 2022ko abe. 11a, 21:03

Saskibaloi jokalari profesional izandako Ion Imanol Rementeria Totorika elgoibartarra hil da, 58 urterekin.

Ion Imanol Rementeria 1964. urtean jaio zen Elgoibarren eta 13 urte bete arte Elgoibarren bizi izan zen, harik eta bere kirol ibilbidea hasi zuen arte Real Madrid saskibaloi taldearen harrobian.

Umetan saskibaloiaz gainera, futbolean, eskubaloian eta esku pilotan ere aritu zela azaldu zuen Rementeriak berak endesabasketlover.com webguneak ACB Ligako hastapenetan jokatu zuten jokalariei 2014an eginiko elkarrizketa sorta batean. Eibarko Unibertsitate Laboralean ikasten ari zela, bere garaiera zela-eta saskibaloi proba batzuetan parte hartzera gonbidatu zuten. Real Madril taldean mito den Clifford Luyk-ek begiz jo zuen Rementeria gaztea proba hartan eta Elgoibarrera etorri zen Luyk, 14 urterekin 1,96ko garaiera zuen jokalari gazteari aurrez aurreko beste proba bat egitera. "Zalaparta handia sortu zuen bisita hark herrian. Jokatzen ikusi ninduen eta Real Madrilek fitxatu ninduen", azaldu zuen elgoibartarrak. 14 urte zituenetik 19 urtera arte jokatu zuen Real Madrilen harrobiko taldeetan eta lehen taldearekin jokatzera ere iritsi zen. Urte haietan, besteak beste, Guillermo Hernangomez izan zuen taldekide, egun NBA-ko jokalari diren Juancho eta Willy Hernangomez jokalarien aita, alegia. 1983an Estudiantes talde historikoak fitxatu zuen. Hala, ACB Liga, Espainiako saskibaloi liga profesionala, sortu zuten denboraldian egin zuen debuta profesionalekin, Estudiantes Caja Postal taldean, 1983-84 denboraldian, hain justu ere. 1989ra bitartean jokatu zuen Madrilgo taldean eta jokalari handiak izan zituen taldekide eta aurkari. David Russell, Vicente Gil, Ricky Winslow edo John Pinone izan zituen taldekide lehen urteetan. Rementeriak 2,02 metroko garaiera zuen eta pibote postuan jokatzen zuen.

Estudiantes taldeak oharra zabaldu du Rementeriaren heriotzaren berri izan eta gero eta zaleek "izugarri maite" zuten jokalaria zela nabarmendu dute, "jokalari borrokalaria izatearen fama baitzuen". Estudiantes taldearen hazkunderako urte garrantzitsuak izan zirenetan bere alea jarri zuela ere azpimarratu dute, "80ko hamarkada mitikoa izan baitzen Magariñosen, eta gure kluba asko hazi zen Paco Garrido entrenatzailearen eskutik eta Pedro Rodriguez, Vicente Gil, edo Carlos Montes jokalariei esker, eta noski, baita John Pinone eta David Russell jokalari handiei esker ere", adierazi du Madrilgo kirol-taldeak. "Gure egiten dugu une gogor hauetan familiakoek eta ingurukoek sentitzen duten mina eta bere omenez minutu bateko isilunea gordeko dugu Urrezko LEB Ligako Movistar Estudiantes eta TAU Castelloren partida hasieran", esan dute. Era berean, Real Madrid kirol-taldeak ere zabaldu du dolu-mezua bere sare sozialetan
Rementeriak 1989an laga zion Estudiantes taldean jokatzeari, baina beste lau urtez jarraitu zuen saskibaloian, Madrileko beste talde batzuetan. Hiru denboralditan jokatu zuen Collado Villalbako taldean, ACB Ligan. BBV Villalba, Athletico de Madrid Villlaba eta Collado Villalba izenak eduki zituen taldeak hiru denboraldi horietan. 1990-01 denboraldikoan, Atlético de Madrid Villalba taldean, Athletico Madril futbol taldeko jabe Jesus Gilek saskibaloian hasi zuen proiektuko partaidea izan zen. NBAtik etorritako Walter Berry eta Shelton Jones jokalari handiak izan zituen taldekide eta Clifford Luyk entrenatzaile (sasoi hartan Real Madrilen aurka jokatu zuten partida ikus daiteke hemen).

Rementeriak Lehen Mailako Európolis Las Rozas taldean eman zion amaiera bere kirol ibilbideari, 1992-193 denboraldian. Belauneko lesioak tarteko, 29 urterekin hartu zuen erretiroa kirol bizitzatik. Guztira 194 partida jokatu zituen mailarik gorenean eta batez beste 3,4 puntu eta 2,1 errebote lortu zituen 14 minututan. Jubenil, junior eta promesa mailetan Espainiako saskibaloi selekzioarekin ere jokatu zuen.
Saskibaloia laga ostean Madrilen bizitzen jarraitu zuen eta informatika enpresa bateko itzultzailea zen lanbidez. Madrilen zela zendu da.

2022 12 11 ion imanol rementeria saskibaloia elgoibar estudiantes Madrid

2022 12 11 ion imanol rementeria estudiantes 85 86 pinonegaz

2022 12 11 ion rementeria collado villlava taldean

2022 12 11 ion imanol Rementeria saskiratzea estudiantes