Euskadiko pista estaliko txapelketan emaitza onak lortu ditu Mintxetak

Barren.eus 2016ko ots. 16a, 12:19

Mintxeta atletismo taldeko kideek maila ona eman dute asteburuan jokatu diren bi kirol probetan: pista estaliko gazteen Euskadiko Txapelketa eta Gipuzkoako Eskolarteko kros txapelketa. 

Euskadiko pista estaliko gazteen txapelketa jokatu zen, joan den zapatuan, Donostiako belodromoan. Mintxeta Atletismo Taldeak izan zuen ordezkaririk txapelketan eta maila onean aritu ziren gainera, hiru domina ekarri zituzten-eta etxera. Batetik, Martin Hernandez Beitiak 1.000 metroko lasterketa irabazi zuen, 02:41.03ko denborarekin eta zilarrezko domina eskuratu zuen 300 metroko lasterketan (38.66). 

Eider Iglesias Alconerok, berriz, zilarrezko domina lortu zuen kadete mailako altuera jauzian. 1,45 metroko jauzia egin zuen Mintxetako ordezkariak eta 1,48 metroko jauzia egin zuen proba irabazi zuen Nora Barriolak, Atletico San Sebastian taldeko atletak. Mintxeta taldeko Aner Gallastegik eta Nerea Sasiainek ere postu onak lortu zituzten 1.000 metroko lasterketan, 11. eta 8. postuak, hain justu ere. (ikus Euskadiko txapelketako emaitzak)

•Emaitza onak Gipuzkoako kros txapelketan

Gipuzkoako eskolarteko kros txapelketa jokatu zuten domekan Legazpiko Urtatzazar parkean. Benjamin, alebin eta haur mailako gaztetxoek parte hartu zuten, eta hor ere fin aritu ziren Mintxetako ordezkariak. Alebin mailako nesken zein mutilen taldeek Gipuzkoako txapelketa irabazi zuten, eta bakarka ere nabarmendu ziren Elgoibarko atletak. Haritz Iriondok eta Olatz Cintok brontzezko domina lortu zuten alebin mailan. Hona hemen parte hartu zuten gainerako atleta elgoibartarren emaitzak:

  • Alebin neskak: Marian Ahdadov (6. postua), Garazi Ines (13), Nagore Iriondo (39), Henar Santin (55).
  • Alebin mutilak: Beñat Herrero (6), Pau Camalo (10), Beñat Iriondo (12), Iker Izagirre (14), Julen Garate (34), Iker Simon (39), Eritz Carcedo (56).
  • Infantil neskak: Cristina Marcos (32), Maialen Izagirre (37), Nerea Barrutia (38).
  • Infantil mutilak: Zakariae El Hachmi (11).

2016 02 16 mintxeta atletak legazpi krosa haritziriondo

2016 02 16 mintxeta atletak legazpi krosa aleb nesk

2016 02 16 mintxeta atletak legazpi kros alebin mut