Ramon Garcia gailendu da Master mailako denboraldiko lehen lasterketan

Barren.eus 2016ko ots. 15a, 19:03

Laudioko Master Klasikoa jokatu zen zapatuan, Master mailako denboraldiko estreinako proba. 176 txirrindularik hartu zuten parte, eta Toyota Euskoauto taldeko Ramon Garcia elgoibartarra izan zen irabazlea, helmuga marra bigarren postuan gurutzatu bazuen ere. 

Bizikleta gainean ibiltzeko eguraldi petralarekin hasi zen zapatuan Master mailako denboraldia Arabako Laudio herrian. Euriari aurre eginez, 176 txirrindularik hartu zuten parte Laudioko 8. Master Klasikoan, tartean bi elgoibartarrek, Ramon Garciak eta Iban Gonzalezek, biak ala biak Toyota Euskoauto taldeko kideak. 

Laudioar Txirrindulari Elkarteak 78,8 kilometroko ibilbidea prestatu zuen. Irteera eman ostean, txirrindulariek hamabi kilometro inguruko zirkuituari lau bira eman zizkioten Laudioko kaleetan barrena. Azken 30 kilometroak ziren, baina, probako gogorrenak, 4. mailako Respalditza mendatea (305 metro) izanik zailtasun aipagarriena.

•Eztabaida amaieran

Ibilbideko 30. kilometroan osatu zen probako ihesaldi garrantzitsuena eta lasterketa burua hartu zuen hamabost laguneko taldeak amaierara arte eutsi zion hartutako aldeari. Laudioko kaleetara itzuli zirenean, esprintean erabaki zen proba eta David Garcia txirrindulari aragoiarra izan zen guztietan azkarrena, alde nabarmenaz. Epaileek deskalifikatu egin zuten ordea, dortsala bistan ez zeramala-eta. Hamar txirrindulari deskalifikatu zituzten epaileek arrazoi bera medio, lehen eta hirugarren sailkatuak tartean. David Garciak erabakiaren aurka protesta egin zuen arren, epaileek ez zuten atzera egin. “Epaileek legeak dioena bete dute… polizia naiz ogibidez eta ez dut beti legea zehatz mehatz ezartzen, baina, tira, kontzientzia lasai dut” adierazi du David Garciak epaileen erabakiaren harira

Gauzak horrela, helmuga marra bigarren postuan gurutzatu zuen Ramon Garcia igo zen podiumeko goreneko kaxoira. Txirrindulari elgoibartarrak 01:51:33 denboran osatu zuen proba. Euria egin arren, irabazlearen batez besteko abiadura, orduko 41,95 kilometrokoa izan zen. Elorrioko taldeko Gartxot Gisasola sailkatu zen bigarren postuan, Garciarengandik segundo batera eta Zigor Ceballos sailkatu zen hirugarren postuan, irabazlearengandik bost segundora. Lehen eta hirugarren sailkatua Master 30 kategoriakoak dira eta Master 40 kategorian lehiatzen dihardu Gisasolak. Iban Gonzalez elgoibartarra 32. postuan sartu zen helmugan, Garcia taldekidearengandik minutu eta hemeretzi segundora. (ikus sailkapena -PDF- eta probako argazkiak aiaraldea.eus-en)

Datorren astebukaeran Tarazonako Klasikoan eta Santanderreko Itzulian hartuko dute parte Ramon Garciak eta Iban Gonzalezek.

2016 02 15 ramon garcia tropelburu naya diez