Gomazko paletako Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko dute Arrizabalagak eta Condek

Barren.eus 2022ko aza. 24a, 13:43

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako hainbat final jokatuko dituzte asteburuan, horien artean gomazko paletakoa, Astigarragan. Asteburu honetan Elgoibarren zein Mendaron ere egongo da pilotaz gozatzeko aukera.

Nagusien 1., 2. eta 3. mailetako finalak dira Astigarragako Udalekoa pilotalekuan jokatuko dituztenak, domekan, 16:00etatik aurrera. Hirugarren mailako pilotarien lehian Lagunak pilota eskolako bikote bat heldu da finalera, Beñat Arrizabalagak eta Ander Condek osatutako bikotea, hain zuzen ere. Elgoibartarrek Orioko Ospele pilota taldeko Mikel Contreras eta Aritz Lertxundi izango dituzte aurkari. Lagunak taldeko ordezkariek badakite txapelketa hau irabaztea zer den, 2017koan gailendu baitziren. 

 • Esku pilota partidak, Mendaron eta Elgoibarren
Esku pilota partidak jokatuko dituzte asteburu honetan, bai Mendaroko Goñati piolotalekuan eta bai Ikastolako frontoian. Eskolarteko Gipuzkoako txapelketako alebin mailako pilotarien partidak jokatuko dituzte Mendaron, zapatuan, 16:00etatik aurrera. Hamabost egunean behin pilotaleku batean jokatzen dituzte jardunaldiko norgehiagoka guztiak eta oraingoan Goñati pilotalekuan arituko dira lehian Arrasate, Bergara, Antzuola, Aretxabaleta zein Mendaroko pilotari gaztetxoak.
Elgoibarko Lagunak pilota eskolako pilotariek, berriz, domekan jokatuko dituzte euren partidak Ikastolako frontoian. Berguak Abantzu taldeko Olaizola izango du aurkari eskuz banakako bigarren mailako jubenilen Gipuzkoako txapelketako partidan, 10:00etan. Ondoren jokatuko den bigarren mailako nagusien buruz burukoan, Txurrukak eta Murumendi taldeko Usabiagak neurtuko dituzte indarrak.