Astigarraga trail taldea sortu dute, era guztietako mendizaleei irekia

Barren.eus 2022ko aza. 23a, 19:17

Kirola eta mendia maite dituen Elgoibarko lagun talde batek sortu du Casa Astigarraga Trail Taldea.

Proiektuko arduradun Denis Saizek esan du aspalditik zebilkitela mendi lasterketetan lehiatzeko taldea sortzeko ideia. "Mendi lasterketei ordu asko eskaintzen diegun lagun taldea gara, eta gure zaletasuna partekatzen duten lagun berrientzako topagunea izango den taldea sortu nahi genuen. Orain, Astigarragako Gys Sport dendaren laguntzarekin gauzatzen ari da ideia hori: trail runningean aritzeko taldea osatzen dihardugu", azaldu du Saizek.

Taldeko atea guztiz zabalik dutela nabarmendu du eta era guztietako korrikalarientzako lekua dutela, "izena eman nahi duen edonori irekitako taldea sortzen ari gara, berdin du korrikalari lehiakorrak badira edo mendizaleak soilik". Mendi lasterketetan lehiatzea ez da derrigorrezkoa izango taldekide izateko. Hala ere, lehiakorrenak diren antxitxikari horientzat atal berezi bat sortuko dute talde barruan, "gure taldearen izena ezagutzera emateko lasterketetan eta". Hasieran, hori baitute asmoetako bat, taldeari izena eta ikusgarritasuna ematea, eta taldekide bakoitzak doan tokira doala "harrotasunez erakustea taldearen izena eta jatorria". Taldera batu nahi dutenek, edo informazio gehiago jaso nahi dutenek, mezu bat idatz dezakete casaastigarragatrailtaldea@hotmail.com helbidera. Azaroaren 27a da izena emateko azken eguna. Instagram sare sozialean ere badute kontua.

2022 11 23 astigarraga trail taldea

2022 11 23 Astigarraga trail taldea mendi lasterketak Elgoibar zapatillak borobil