Nuala elkartearen aldeko ‘Igeriketa erronka solidarioa’ egingo dute igerilekuan abenduaren 17an

Barren.eus 2022ko aza. 23a, 14:28

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Elgoibar Igeriketa Taldeak ‘Igeriketa erronka solidarioa’ antolatu dute abenduaren 17rako, eta batzen duten diru guztia Elgoibarko Nuala elkarteari emango diote.

Aniztasun funtzionala edo gaitasunen aniztasuna duten pertsona eta lagunen irabazi asmorik gabeko elkartea da Nuala, eta pertsona horien ikuspena eta ongizatea bermatzea du helburu.

Abenduaren 17rako antolatu duten ekimenean egun osoan zabalik egongo dira Olaizaga Kiroldegiko igerilekuak, herritarrak Udal Kirol Patronatuko bazkide egitera animatzeko helburuarekin. Horrez gain, Kirol Patonatuak eta Elgoibar Igeriketa Taldeak hainbat jarduera antolatuko dituzte elkarlanean.

Goizez, 10:00etatik 13:00etara, igerileku berrian uretako puzgarriak egongo dira, eta igerileku txikian umeentzako kanoetan ibiltzeko aukera izango da. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 19:30era Igeriketa Erronka Solidarioa izeneko ekimena egingo dute igerilekuan. Igerilekura joaten diren erabiltzaile guztien artean igerian zenbat metro egiten dituzten zenbatuko dute antolatzaileek. Denen artean ahalik eta metro gehien igerian egitea izango da erronka solidarioaren helburua. Sarrera doan izango denez, igerilekuetara sartzeko tornoen ondoan kutxa bat jarriko dute, eta hor eman ahal izango da Nuala elkartekoentzat dirua.

2018an eta 2019an ere egin zituzten era honetako erronka solidarioak Olaizaga igerilekuan. Lehenengoan, 107 igerilarik 153 kilometro osatu zituzten Fibrosi Kistikoaz gaixo daudenen alde; eta, bigarrengoan Aspanogi elkarteari eman zizkioten Elgoibarko Kirol Solidarioa ekimenarekin batutako 2.000 euroak. Honela, Udal Kirol Patronatuak Covid-19aren pandemiak etetera behartu zuen elkartasun ekimen hau berreskuratuko du aurten.

2022 11 23 2019 12 23 aspanogi elgoibar kirol solidarioa txekea 

∞ Lotura duten albisteak: