Ioseba Tamayo: “Triatleta profesionalen pare sentiarazi gaituzte munduko txapelketan

Barren.eus 2022ko aza. 17a, 19:27

 Munduko triatloi txapelketan lehiatu zen Joseba Tamayo Rojo joan den urriaren 29an, AEBetako Utah estatuan, eta joan den astean itzuli zen etxera, hango bazterrak ezagutzen ibili eta gero. Alcortan egiten du lan eta eskerrak eman dizkie prestakuntzarako eta bidaiarako eman dizkien erraztasunengatik.

 Ironman 70.3 World Championship txapelketan hartu duzu parte AEBetako St. George hirian. Zer desberdintasun aurkitu zenituen hemen jokatzera ohituta zauden triatloiekin alderatuta?
Hasieratik igarri nuen hura beste kontu bat izango zela, ohituta nagoenetik apartekoa. Lasterketa jokatu baino bi egun lehenago lehiakideak aurkezteko desfi lean hartu genuen parte, banderen desfi lean. Olinpiar Jokoen itxura hartu nion ekitaldiari, herrialdez herrialde aurkeztu gintuztelako. Probaren bezperan dortsala jasotzera joan ginenean ere banan banan aurkezten gintuzten. Lasterketa egunean, autobusetan eraman gintuzten probaren hasieraraino, goizaldeko 5:30ean, eta eserlekuetan ere gure izenak zituzten ipinita. Horrelako detaileetan igartzen zen probak zuen maila. Eta noski, Estatu Batuetan egonda, abeslari bat ere ekarri zuten herrialdeko ereserkia abestera. Han oso ohikoa da kirol ekitaldien hasieran ereserkia abestea. Arreta deitu zidan zelako errespetua zieten amerikarrek une horri. Ereserkia entzun orduko egiten ari zirena laga eta zut-zutik jarri ziren. Isiltasuna egin zen bat-batean. Kuriosoa izan da halako esperientziak barrutik bizitzea. Errepideak eta autopista bat ere erabat moztu zituzten guk bizikletako proba egin ahal izateko. Hemen ez da halakorik gertatzen, oso zaila izango litzateke halako gauza bat hemen egitea. Beste detaile bat gehiago emango dizut. Partaide bakoitzak boluntario bat genuen behar genuenerako. Bizikletako zatiaren amaieran bera arduratzen zen bizikleta zegokion lekura eramateaz, eta probaren amaieran ere boluntario bat hurbiltzen zitzaigun, dominarekin, toalla batekin eta oparitzat eman ziguten kamiseta batekin. Proba ostean jateko zerbait bilatzen ere laguntzen zuten boluntario horiek. Han lehiatu ginen asko eta asko triatleta profesionalak izan ez arren, hala sentiarazi gintuzten, aipatu ditudan detaile guzti horiei esker. Primerakoa izan zen antolakuntza.

2022 11 18 ioseba tamayo utahn triatloia munduko txat helmuga elgoibar

Zure kategoriako 86. postuan sailkatu zinen 4:33:39ko denborarekin. Gustura gelditu zinen egindako probarekin?
Igeriketako proban galdu nuen triatloia nik nahi nuen denboran egiteko aukera, 4:15 - 4:30 bitartean. Nire aurretik igerian hasi ziren taldeak motel zihoazen eta uretan oso zaila da erritmo motelagoan doazenak aurreratzea. Urrearen balioko denbora galdu nuen. Sand Hollow naturaparkean dagoen laku batean egin genuen igerian, 1.930 metroko distantzian. Triatloia goizean goiz hasi zen 4 gradurekin, uretan ordea 17 gradu zeuden. Eta uretatik irten ostean 7 gradurekin hasi genuen bizikletako ibilbidea. Bustita eta hoztuta. Unerik larrienak izan ziren. Hotz handia pasa nuen bizikletako lehen kilometroetan eta egurra eman behar izan nion berotan sartzeko bada ere. Hamar bat kilometro behar izan nituen hotzikarak atzean lagatzeko. Tenperatura aldaketa bortitz horiek eragin handia dute gorputzean, lan gehiago eginarazten baitiote. Baina, halakoetan esaten den moduan, guztiok lehiatu ginen baldintza berdinetan, eta moldatzen asmatzea da kontua. Nik lortu nuen egoerari buelta ematea eta 38 kilometro orduko batez besteko abiadura markatu nuen bizikletako probaren amaieran. 90 kilometroko ibilbidean lehiatu ginen, 1.000 metroko desnibelarekin. Gustura gelditu nintzen bizikleta gainean egindako lanarekin.

 

Bidali dizkiguzun argazkietan ikus daitekeenez, paraje ikusgarrietatik ibili zineten bizikletan.
Bai, Sand Hollow parke naturaletik abiatu eta Red Cliff s Kontserbazio Eremu Nazionaletik eta Snow Canyon parke naturaletik igarotzen zen ibilbidea. Zailtasun handiena Snow Canyonen genuen, 75. kilometro inguruan zegoen 1.200 metroko garaierako mendatea. Autopistatik igarotzen zen ibilbidearen zati bat. Abiadura handian joateko aukera ematen zuen zati horrek, zuzengune luzeak eta gora behera askokoak baitzituen, txirrista itxurakoak. Bizikleta laga ostean, 21 kilometroko saltakako probarekin amaitu genuen triatloia. Bi itzuli eman genizkion golf zelai bat gurutzatzen zuen 10,5 kilometroko zirkuitu bati. Ibilbidea ez zen batere laua, dezenteko desnibela zuen eta horrek eragina dauka giharretan, batez ere biziketan ibili eta gero. Asko sufritu nuen jaitsieretan, koadrizeps-ak kargatu zitzaizkidalako. Azkeneko kilometroa oso gogorra egin zitzaidan arren, gertu nuen helmuga eta lortu nuen amaitzea. Kilometroa lau minutu eta 10 segundoan egin nuen batez beste.

2022 11 18 ioseba tamayo utahn triatloia munduko txat bizi b1 elgoibar

Inguruak ezagutzeko aprobetxatu duzu bidaia.
Bai, duela urtebete lortu nuen sailkatzea, Portugalen, eta dena ondo prestatzeko astia eduki dut. Familiarekin batera joan nintzen Estatu Batuetara. Elgoibartik Madrilera autoz joan ginen, bizikleta hartuta, ez naizelako fi o aireportuetaz. Bizikleta hondatzeko arriskua handia dela eta zenbat eta hegazkin bidaia gutxiago egin hobe! Madriletik Los Angeleseraino joan ginen hegazkinez. Han alokairuan autoa hartu eta hiru orduko bidaia eginda ailegatu ginen St. George hirira. Lasterketa jokatu baino astebete lehenago heldu ginen, itsasoko mailatik 700 metrora dagoelako hiria, eta gorputza altuerara ohitu nahi nuelako. Aste hori entrenatzen eman nuen. Elkarrekin entrenatzeko Whatsapp taldea sortu genuen hemendik hara joan ginen zenbait lehiakidek, Azkoitiko eta Bermeoko euskaldunak gehienak. Antolatzaileek erraztasun guztiak eman zizkiguten. Hango unibertsitate bateko azpiegiturak lagatzen zizkiguten igerilekuak eta atletismo pistak. Igerilekuak 15 kale zituen eta hori unibertsitate batekoa zela!. Futbol amerikarrean eta beisbolean jokatzeko zazpi bat joko zelai zituen gutxienez. Autopistako errei bat ere moztuta zuten guk entrenatu ahal izateko. Ezin gara kexatu, gure saltsan ibiltzeko aukera guztiak genituen eskura. Triatloia lehiatu ostean jarraitu genuen bidaiarekin. Autoa hartu eta bi egun egin genituen Las Vegas hirian. Handik New Yorkera joan ginen eta astebete eman genuen hiria ezagutzen. New Yorkeko maratoi ospetsua ere ikusi ahal izan genuen. Korritu behar zuten lagunak nituenez haiek animatzen aritu ginen.

 

Maratoia egiteko moduan zinen, triatloirako egin duzun prestaketarekin.
Bai, izena emanda egon izan banintz egingo nukeen, prestatuta egon banegoen eta (barrez), baina ez zen inondik inora nire asmoa, kasualitatea izan zen maratoia gu han ginela jokatu izana. Bitxikeria gisa, Mugertza krosa bi alditan irabazitakoa den Hellen Obiri kenyarrak laugarren egin zuen New Yorkeko maratoian eta gure paretik pasa zenean animoak eman genizkion bere izena oihukatuta. 'Aupa Elgoibar!' ere esan nion. Burua gugana giratu eta larri antzean zihoanaren keinuarekin erantzun zigun.

 

Eta orain, zer?
Atseden hartuko dut, eta hurrengo urteko Euskadiko eta Espainiako triatloi txapelketak ahalik eta ondoen prestatzen ahaleginduko naiz. Espainiakoa Bartzelonan izango da. Hurrengo urteko munduko txapelketa, berriz, Finlandian jokatuko dute. Hala ere, Finlandiarako sailkatzea lortuko banu ere, oraindik ez daukat erabakita hara joango naizen.

2022 11 18 ioseba tamayo utahn triatloia munduko txat koprrika elgoibar

2022 11 18 ioseba tamayo utahn triatloia munduko txat lakuan alcorta elgoibar