Uxue Ansorregik hirugarren egin du Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusian

Barren.eus 2022ko aza. 15a, 15:40

Ikusmira handia sortu du Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren edizioak, eta 3.000 ikusle inguru batu ziren joan den domekan Bilbao Arenan jokatu zuten finalean.

Kirol lehiaz gainera, Süne, Zetak eta Zea Mays taldeen musika emanaldiez gozatu ahal izan zuten Bilboko Miribillan batutako ikusleek. Herri kiroletara jende gehiago erakartzeko ahaleginean formula berriak probatzen ari baitira txapelketa honetako antolatzaileak. "Gure helburua da euskal kirolak eta kultura sustatzea, ikusgarritasun handiagoa ematea eta herri kiroletara jende gehiago erakartzea, liga profesionalak dituzten kiroletan, futbolean, beisbolean edo arraunean gertatzen den moduan", azaldu dute Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko antolatzaileek..

Kirol lehiari erreparatuta, nagusitasunez gailendu ziren Nerea Arruti eta Julen Alberdi 'Txikia IV'.

Emakumezkoen lehian, 45 hatzbeteko 4 enbor ebaki behar zituzten hiru lehiakideek eta Nerea Arruti urnietarra izan zen lana amaitzen azkarrena. Hamabi minutu eta 16 segundoan moztu zituen enborrak. Bigarrena, Irati Astondoa izan zen, 15 minutu eta 58 segundu eginda eta, hirugarren postuan, Uxua Ansorregi mendaroarra sailkatu zen, 17 minutu eta 52 segundoko denborarekin.

Gizonezkoetan Txikia IV.ak 42 minutu eta 39 segundo behar izan ditu lau kana-erdiko, lau ontza eta lau oinbiko ebakitzeko, eta ia hiru minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Eneko Otaño beizamarrari. Honek, 45 minutu eta hamasei segundoan amaitu zituen lanak. Mikel Larrañaga azpeitiarra sailkatu zen hirugarren (46 minutu eta zortzi segundo).

2022 11 13 Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia 2022 podiuma

∞Lotura duten albisteak: