Jabier Osoro hirugarren postuan ailegatuko da Euskal Herriko bola txapelketako azken tiraldira

Barren.eus 2022ko aza. 14a, 12:06

Sei jardunaldiko txapelketa da Euskal Herriko 32. hiru txirlo bola jokoa, eta Aramaion jokatuko dute azkenekoa, datorren zapatuan, hilaren 19an. Sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago Jabier Osoro bolari elgoibartarra.

Leintz Gatzagan jokatu zuten, aurreko zapatuan, Euskal Herriko bola-joko txapelketako bosgarren jardunaldia. 67 parte-hartzaile lehiatu ziren, eta Santos Muñoz (Azkoitia-Floreaga elkartea) gailendu zen egin zituen hiru tiraldietan 7 txirlo botata. Bittor Astigarraga (Eibar-Asola Berri elkartea) sailkatu zen bigarren postuan, honek ere zazpi txoirlo jota eta Jose Angel Fernandez (Markina-MX3T elkartea) sailkatu zen hirugarren, sei txirlorekin.

Bolari elgoibartarrak ez dira nabarmendu txapelketako azken bi jardunaldietan, baina jokatutako bost jardunaldietan erakutsi duen erregulartasunari esker, Jabier Osoro (San Migel) sailkapen nagusiko hirugarren postuan ailegatuko da azken tiraldira. Santoz Muñoz da sailkapenean ondoen kokatuta dagoena, bera baita liderra 23 txirlo botata. Txirlo bat gutxiago bota du orain artean Jose Angel Ogizak ((Mallabia-MX3T), eta 20 ditu Osorok.

Euskal Herriko txapelketako sailkapena

  • Santos Muñoz (Azkoitia-Floreaga elkarte) 23 txirlo
  • Jose Angel Ogiza ((Mallabia-MX3T elkartea) 22 txirlo
  • Javier Osoro (Elgoibar-San Migel) 20 txirlo
  • Sebas Arantzabal (Elgeta) 20 txirlo
  • Fidel Madariaga (MX3T) 20 txirlo
  • Bittor Astigarraga (Asola Berri) 20 txirlo
  • Mateo Guenaga (MX3T) 16 txirlo
  • Agustin Garcia (Garmendipe) 16 txirlo

Euskal Herriko txapelketako seigarren eta azken jardunaldia Aramaioko Etxaguen elizateko bolatokian jokatuko dute hurrengo zapatuan, hilak 19. Ordua izango da berezia; izan ere, 12:00etan emango diote hasiera. Sei jardunaldietatik bi Araban jokatuko dituzte aurten, beste bi Bizkaian jokatu dituzte eta beste biak Gipuzkoako bolatokietan.

2022 11 13 leintz gatzaga tiraldia hiru txirlo

Lotura duten albisteak: