Mailari eusteko partida erabakigarria jokatuko du Laukok zapatuan, Olaizaga kiroldegian

Barren.eus 2016ko ots. 11a, 10:56

Zilarrezko Ohorezko Mailan jarraitzeko garrantzi handiko partida jokatuko du Lauko Elgoibar eskubaloi taldeak zapatu honetan (otsailak 13), Olaizaga kiroldegian (19:30). Elgoibartarrek Kanariar Uharteetako Tenerife C.B. Salud taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Bi taldeak dabiltza larri. Lauko azken aurreko postuan sailkatuta dago, -10. postuan-, 4 punturekin. Jokatutako hamalau partidetatik bi irabazi eta gainerakoak galdu egin ditu Laukok. Kanariarrak, berriz, 8. postuan daude sailkatuta, 12 punturekin. Hortaz, jaitsiera postuetatik aldentzeko balio dezakeen norgehiagoka izango da.

Zilarrezko Ohorezko Mailako B multzoan dauden hamaika taldeetatik azken sailkatuak galduko du maila, eta, une honetan, San Adrian dago sailkapeneko hondarrean, 2 punturekin. Bizkaitarrek, hain zuzen, Teneriferen aurka jokatu eta galdu zuten azken jardunaldian. Laukok ere galdu egin zuen Kukullaga Etxebarriren aurkako partida (40-26). Jokoan dauden puntuen garrantzia ikusita, Laukok zaleen indarra behar duela jakinarazi du Sanlo kirol taldeak eta Olaizagako harmailak betetzeko deia egin die herritarrei. 

•Alcorta vs Barakaldo

Laukorenaren aldean oso bestelakoa da Alcorta Forging Group senior gizonezkoen talde nagusiaren egoera. Sailkapenaren erdian egonkortuta daude elgoibartarrak, zortzigarren postuan, hain justu ere. Jokatutako 18 partidetatik 10 irabazi, bat berdindu eta 7 galdu dituzte orain arte. Zapatuan Olaizagan jokatuko dute Barakaldo taldearen aurka. Garaipena lortuz gero, sailkapeneko aurreneko postuetan egoteko borrokan sartuko dira bete-betean elgoibartarrak, ligako azken txanpari begira. 17:45ean hasiko da partida.

Are egoera hobean dago Sanloko senior gizonezkoen bigarren taldea, Gabaz Elgoibar. Liderrarekin berdinduta daude, eta honenbestez, Bigarren Nazional Mailarako igoera fasea jokatzeko postuetan daude. Zapatuan, Legazpiren aurka jokatuko dute, 16:00etatik aurrera, Olaizaga kiroldegian.

Honenbestez, Sanloko senior mailako hiru taldeen partidak ikusteko aukera izango da zapatu arratsaldean Olaizaga kiroldegian.