Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalean ariko da Uxue Ansorregi

Barren.eus 2022ko aza. 9a, 13:53

Kirola eta kultura uztartuko ditu Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalak, antolatzaileen asmoa baita euskal kulturari eta herri-kirolei ikusgarritasuna ematea eta jende gehiagorengana hurbiltzea. Finala ikusteko bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu BARRENek.

Bilbao Arenan jokatuko dute finala domekan, azaroaren 13an, 12:00etatik aurrera; eta, iaz moduan Uxue Ansorregi mendaroarra izango da parte hartuko duten kirolarietako bat. Ansorregik, Nerea Arruti urnietarra eta Irati Astondoa zeanuriarra izango ditu aurkari finalean. Aurkari gogorrak izago dira, Euskal Herriko aizkora txapelketa irabazi berri baitu Arrutik, joan den domekan Mungian jokatu zuten finalean. Minutu eta erditik gorako aldea atera zion urnietarrak Nerea Sorondori, azken hiru urteetako txapeldunari. Irati Astondoak osatu zuen podiuma eta seigarren postua eskuratu zuen Ansorregik. Hortaz, sasoi betean ailegatuko dira hiru aizkolariak Bilboko demara. Gizonezkoen finalean sei aizkolari arituko dira finalean: Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugarza, Julen Alberdi, Ibai Soroa eta Txomin Arzaloa.

2022 11 08 sherpa ai aizkora txap emak uxue ansorregi

 • Superbowlaren estiloan
Antolatzaileek final ikusgarria antolatu dutela esan dute. "Ameriketako Estatu Batuetan antolatzen duten Superbowl ezagunaren ildotik, hura den moduko kirol eta kultur erreferente izan nahi genuke", azaldu dute. Hori horrela, goi mailako musikariek girotuko dute aizkolarien lana; hala nola Sünek (Josune de Huntza), Zetakek eta Zea Maysek. Musikariok aizkora lehiaketaren tarteetan parte hartuko dute. Duela hiru urte hasitako bidetik, aizkolaritza garai berrietara egokitzea, modernizatzea eta herri kirol hau profesionalizatzea da antolatzaileen asmoa eta helburua. Liga profesionalak dituzten beste kirol batzuen maila berera igo nahi dute aizkora, hala nola, futbolaren, pilotaren eta arraunaren mailara. Asmo horretan, Euskal Herriko Aizkolaritza Elkarteak Sherpa.ai adimen artifizialeko enpresaren laguntza du eta bidelagun Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala, BBK Fundazioa, Stihl eta Grupo GTM.

Aurreko edizioan bezalaxe, Txapelketak informazioa eskainiko du webgunea eta Instagram profila baliatuta.

 • Sarreren zozketa
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala ikusteko bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu BARRENek. Zozketan parte hartu nahi dutenek lotura honetan dute horretarako aukera. 18 urtez azpikoek ez dute sarrerarik ordaindu behar.

2022 11 08 Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa Nagusia aurk bilbon

2022 11 09 sherpaaizkora aurkezpena bilbon gizonak