Lartainek lortu du bere buruari jarritako erronka gainditzea, 210 kiloko harria jasota

Barren.eus 2022ko aza. 3a, 11:46

18 urte bete aurretik 200 kiloko harria jasotzeko erronka jarria zion bere buruari Imanol Royo 'Lartain' harrijasotzaileak, eta lortu du bere marka pertsonala ontzea.

200 kilotik gorako harria altxatzea ez dago edonoren esku, eta are gutxiago 18 urte bete aurretik lortzea. "Lagun gutxik altxatu dute 200 kiloko harria 17 urterekin. Uste dut lau harri jasotzailek bakarrik lortu dutela. Horietako bat gehiago izatea gustatuko litzaidake", aurreratu zion BARRENi Imanol Royo 'Lartain' harrijasotzaileak, San Bartolome jaietako Baserritarren Egunean, Mintxeta Memoriala harri-jasotze txapelketan estreinakoz lehiatu berri zela eginiko adierazpenetan. Harri jasotzaile zarauztarrak lotura berezia du Elgoibarrekin, amaren partetik dituen senide guztiak Elgoibarkoak baitira eta bere birraitona ere harrijasotzailea izan zen.

Abenduaren 1ean egingo ditu 18 urte Imanol Royo 'Lartain' harrijasotzaileak, eta egun hori baino lehenago egin nahi zuen 200 kilotik gorako harria jasotzeko saiakera. Marka pertsonal saiakera egiteko azaroaren 1ean Urnietan egin zuten herri kirol jaialdia aukeratu zuen. Eta 200 kilotik gorako harria aukeratu zuen, bere pisua halako biko zama duen 210 kiloko harri errektangularra, hain justu ere. Bi saiakera egin zituen, eta lehenengoan lortu zuen marka. Gerrira jaso, bularrera goratu, han bi bote egin eta bizkar gainean berdintzea lortu zuen.

Harri handiekin gustura jarduten duela dio Lartainek, nahiago dituela 140 kilotik gorako harrien bueltan antolatzen diren txapelketak. Orain gutxi hasi da harrijasotzen eta bilakaera azkarra izan du. Probatzera joan zen lehen egunean ehun kilokoa jaso zuen, eta harrituta geratu ziren bertan zirenak, esan baitzioten ez duela edozeinek altxatzen ehun kilokoa harria lehen egunean. Harri-jasotzen hasi eta zazpi hilabetetara, 185 kilokoa jaso zuen. "Hori marka aparta izan zen, oso denbora gutxi neramalako", dio Karkara herri aldizkariari eskaini dion elkarrizketan.

Hona Lartainen altxaldia, bideoan.

∞Lotura duten albisteak: