25 urte bete ditu Jendetxa Triatloiak

Barren.eus 2022ko ira. 30a, 14:01

Lagunartean egiten duten triatloia egin dute aurten ere Jendetxa kuadrillakoek, duela 25 urte hasi zuten ohiturari segida emanez.

Elgoibarko kuadrilla honek Jendetxa izena jarri zion bere buruari, baina jendilaje berba izango zatekeen zuzenagoa, beharbada, izenak ez baitzion erreferentzia egiten kuadrillan jende ugari izateari, gehiago zen euren burua ganorabako moduan ikusten zutela. "Gauzak antolatzea edo norbaitek iniziatiba hartzea kosta egiten zitzaigula, alegia", azaldu dute. "Gu gaituk jendetxa/jendaila gu" edo halako bat dago izenaren jatorrian. Kontu batean, baina, ganora eta konstantzia handia erakutsi dute: iraileko azken zapatuan egiten duten lagunarteko triatloian, hain zuzen ere

1998. urtean egin zuten estreinakoz, artean 20 urte zituztela, eta 25. urtez egin dute aurten, 45 urterekin. Asko dira edizio kopuru horretara iritsi aurretik desagertu diren kirol probak. Badu, hortaz, meritua horrenbeste urtean proba honi eutsi izanak. Urte eta bizitzako sasoi guztiak ez baitira berdinak. Gorabehera handiak izan ditu parte-hartzaileen kopuruan, dela agenda kontuengatik, sasoi txarrean egotearen aitzakiagatik edo eguraldiagatik. Urte batean parte hartzeko ezezko izan ziren eta gainera eguraldi oso txarra egin zuen, euria goian behean, baina hala ere, hiruzpalau lagunek egin zuten, ohitura eten ez zedin.
Igerian, Mutrikuko portuko igerileku naturalean egiten dute. Hiru luze; 144 metro guztira, GPSarekin neurtua baitute. Handik, bizikleta hartu eta Debatik igaro ostean Elgoibarreraino; eta, amaitzeko korrika hiru kilometro Lerun industrialdean. Lehen urteetan Sallobenteraino egiten zuten, baina Maalan sartzeko bidegurutzean semaforoekin sortzen ziren arrisku uneak zirela-eta (artean ez zegoen errotondarik) Lerun inguruan egitea seguruagoa zela erabaki zuten. Kuadrilla kirolzalea direla diote eta ia beti eduki dutela parte hartzeko prest zegoen jendea. Alabaina, kuadrillakoen lagun, lankide eta familiakoek ere parte hartu izan dute noiz edo noiz lagunarteko triatloi honetan. Hamargarren urteurrena bete zutenean neska talde bat erreleboka ere aritu zen. Horiei guztiei parte hartzeko gonbidapen berezia egin zieten aurten, 25. aldia zela eta. Hala, hamalau lagunek hartu dute parte aurtengoan (sei izan ziren iaz), eta irabazlea iazko berbera izan da, kuadrillako kide baten 18 urteko iloba, Euken Ayerbe. Txirrindularitzan lehiatzen da, eta estu hartu zuen orain arte parte hartu izan duen guztietan proba irabazi izan duen Ibon Gabilondo, kuadrillako triatloilaria. Odol berria txapeldunen lehia beteranoan. Irabazleak eztabaida sortu zuen lasterbide txiki bat ere hartu zuen bizikleta gaineko azken metroetan, baina hor gelditu zen gaia. Zeresan gehiago triatloiaren ondoren, proba egitea bezain gozagarria baita bakoitzaren bizipenak elkarri kontatzea. "Egun guztian egoten gara triatloiko gorabeherez berbetan".
Lehiaz gainera bigarren zati bat edukitzen du Jendetxaren Triatloiak, bazkari eta parrandarekin borobiltzen baitute eguna. "Hor bai aldatu direla gauzak, kamarada!" dio kuadrillako kide batek. "Konturatzerako umez bete zaigu kuadrilla, barren! gazteagoak ginenean parranda ederrak botatzen genituen triatloi egunean, baina azken urteetan nahikoa lan izan dute batzuek umeak hezten, eta apenas egin dugun parrandarik". Aurtengoan ez dute barkatu. Okasio berezia zen eta 25. urteurrenerako ateratako kamisetekin ibili ziren, ia nor atera irabazle sailkapen konbinatuan, triatloia eta parranda uztartzen dituen sailkapen horretan. Ez daukate publiko egiteko asmorik.

Hona aurten egin duten triatloiko zenbait argazki:

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian mutriku barren

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian orok barren

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren euken bizikletan

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren bizikletan mutriku

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren mutriku biz imanol

2022 09 24 jendetxa triatloia barren korrika 3

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren korrika2

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren korrika ibon

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren korrika lerun

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren korrika manex

2022 09 24 jendetxa triatloia barren eskuaemanda

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren korrika az

2022 09 24 jendetxa triatloia korrika barren jon

2022 09 24 jendetxa triatloia podoium barren

2022 09 24 jendetxa triatloia igerian barren danak2