Maite Maiorak hirugarren postua lortu du Bulgariako Pirin X-tremen mendi lasterketan

Barren.eus 2022ko ira. 27a, 13:21

Emakume euskaldunak nagusi izan dira Bulgarian jokatu duten Skyrunner Munduko Kopako Pirin Extreme mendi lasterketan, Euskal Herriko hiru atletek osatu baitute emakumezkoen podiuma.

Bulgariako Bansko herrian jokatu zuten irailaren 24an Pirin Extreme mendi lasterketa. 38 kilometroko lasterketa izan zen, 3.300 metroko desnibel positibokoa, eta korrikalariek hiru mendi igo zituzten: Kutelo (2.908 m), Vihren (2.914 m) eta Todorka (2.746 m). Emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra (Merrell taldea) izan zen azkarrena (5.50.29). Denboraldi honetan Munduko Kopan irabazten duen hirugarren garaipena du Azkorbebeitiak. Millet taldeko Sandra Sevillano korrikalari santurtziarra sailkatu zen bigarren (5.55.21), eta RaidLight taldeko Maite Maiora mendaroarrak eskuratu zuen hirugarren postua (5.58.07), irabazlearengandik ia zortzi minutura helmugaratuta. Maiora ez dago gustura Bulgarian eman zuen kirol mailarekin, eta halaxe adierazi du. "Egun txarra izan nuen, hankak lodi eta ahal zena eginda hirugarren postuarekin etxera". Hori bai Bulgarian bizitako esperientziarekin pozik da, besteak beste euskaldun ugari elkartu zirelako eta Bansko eta inguruak pixka bat ezagutzeko aukera izan zuelako.

Mutiletan, Christian Mathys korrikalari suitzarrak irabazi zuen Pirin Extreme mendi-lasterketa (4.49.28).
 • Finala, Gorbeian
Skyrunner Munduko Kopako zirkuitua Zeanurin jokatuko duten finalarekin amaituko da, urriaren 8an. Gorbeia Suzien mendi lasterketan lehiatuko dira munduko mendi lasterkari onenak. Zirkuituko lau emaitzarik onenak kontuan hartuta, Azkorbebeitia da Munduko Kopako liderra, 316 punturekin. Maiora sailkapen nagusiko laugarren postuan ailegatuko da finalera, 270 puntu pilatuta (Hochkonig Skyrace, Minotaur Skyrace, Comapedrosa eta Pirin Extreme). Ikus sailkapena

2022 09 24 pirin ultra bulgaria maite maiora Koteshki Chal

2022 09 24 bulgaria pirinExtreme euskaldunak iosu juaristi

∞Lotura duten albisteak: