Ia 200 lagunek hartu zuten parte Debabarrenako raidean

Barren.eus 2022ko ira. 21a, 12:03

Morkaiko mendi taldeak antolatzen duen Debabarrenako raidaren seigarren edizioa jokatu zuten zapatuan, bigarren urtez Deban. Proba nagusian, Abentura Raidean 90 lagunek hartu zuten parte eta 85 parte hartzaile eduki zituen Familia raidak; haur eta helduak kontuan hartuta.

Debako Alamedako musika kioskotik abiatu ziren abentura raideko partaideak eta korrika joan ziren Santa Katalina ermita, Itziar eta Arbil mendi inguruetaruntz. Gainera, Arbilgo koban ere sartu ziren espeleologiako proba berezia burutzeko. Handik, Alamedara itzuli ziren bizikletaz, eta Mutrikuko Olatz auzora joan ziren. Anoa postuan indarrak berreskuratu ostean, trekkingean aritu ziren Arno mendikatean, berriro Olatzera bueltatu baino lehen. Olatzetik Mutrikura joan ziren bizikletaz, antolatzaileek prestatu zizkieten hiru proba berezietan parte hartzera: Eskalada, rapela eta igeriketa. Behin horiek burututa, Debara bueltau ziren Kalbario inguruetatik igarota. Guztira, 27 kilometro egin zituzten saltaka eta 35 kilometro mendiko bizikletetan, 2.000 metroko desnibel positiboa orotara. Emakumezkoetan zazpi talde lehiatu ziren eta Supernovas taldea izan zen irabazlea. Gizonezkoetan 22 talde lehiatu ziren eta Capra Alpina taldeak lortu zuen lehen postua. Azkenik, Sopels Team gailendu zen talde mixtoetan lehiatu ziren 13 taldeen artean.

Familia raidean lehiatu ziren lagunak ere Debako alamedako musika kioskoan batu ziren, antolatzaileek emandako azalpenak adi-adi entzuteko. Probari hasiera eman ostean, talde bakoitzeko txinienak korrika bizian joan ziren mapak hartzera. Mapa ondo aztertu ondoren, Deba inguruetan zeuden baliza ezberdinen bila aritu ziren. Antolatzaileek joko bereziak prestatu zizkieten Debako hondartzan, alamedan slackline-a eta bizikletako proba berezi bat ere egin behar izan zuten. "Bi ordu eta erdiko bilaketa, joko, lasterkaldi eta orientazio momentu dibertigarri ugariren ondoren, proba amaitu eta helmugan bertan zegoen anoan, probaren inguruko komentario eta anekdota guztien inguruan hitzegiteko aukera izan zuten", azaldu dute Morkaikotik. Mendi taldetik eskerrak eman dizkiete proba antolatzen lagundu dieten entitate eta denda guztiei eta nola ez, partehartzaile guztiei.

Manu Sanchezek ateratako hainbat argazki ikus ditzakezue honako argazki-bilduman.

2022 09 17 debabarrena RAID morkaiko arg manu sanchez irteera

2022 09 17 debabarrena RAID morkaiko arg manu sanchez 1 txa

2022 09 17 debabarrena RAID morkaiko arg manu sanchez eskalada

2022 09 17 debabarrena RAID morkaiko arg manu sanchez mixto podium

2022 09 17 debabarrena RAID morkaiko arg manu sanchez emak podiuma

2022 09 17 debabarrena RAID morkaiko arg manu sanchez giz podiuma

∞ Lotura duten albisteak: