Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 09 07 imanol royo lartain harrijasotzailea elgoibar mintxeta memoriala BARRENZortzi harri-jasotzaile lehiatu ziren Baserritarren Egunean jokatu zuten Mintxeta Memoriala: sanbartolomeetako harri-jasotze txapelketan. Mintxeta (124,6 kilo) eta Belaustegi (145,4 kilo) harri irregularrekin jokatu zuten txapelketa, eta Jokin Eizmendik irabazi zuen, 30 altxaldi emanda (13 Belaustegi harriarekin eta 17 Mintxetarekin). Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k zuen marka berdindu zuen. Orriotara, baina, parte-hartzaile gazteena ekarri dugu, Imanol Royo "Lartain" (Zarautz, 2004), orain arte Mintxeta Memorialean lehiatu den harri-jasotzailerik gazteena izateaz gainera, lotura berezia baitu Elgoibarrekin.

 

 • Zarauztarra izan arren, lotura berezia duzu Elgoibarrekin. Kontaguzu.
Bai. Amaren partetik ditudan senide guztiak Elgoibarkoak dira. Horregatik berezia izan da Elgoibarko plazan harri jasotzen aritzea. Poza ematen du nire familia ezagutzen dutenen aurrean aritzeak edo nik bistaz bada ere ezagutzen ditudanen aurrean aritzeak.

 • Zure amak jakinarazi digu ez zarela familiako lehen harri-jasotzailea. Zure birraitona -"Lartain"- ere, harri jasotzen ibili omen zen.
Aitortu behar dut ezer gutxi dakidala birraitona harri-jasotzaileaz, aspaldiko kontuak baitira. Pare bat argazki ikusi ditut bereak, badakit apustu batzuk egin zituela harri jasotzen, baina... kitto!. Betidanik jakin izan dut harri jasotzen ibilitakoa zela, baina oraintsu arte ez dudanez izan bere pausoak jarraitzeko asmorik...

 • 17 urte besterik ez dituzu. Noiztik zabiltza harri jasotzen?
Oraintxe beteko da urtebete hasi nintzenetik. Saskibaloian eta judoan ibiltzen nintzen lehen, baina belauneko lesio bategatik laga nituen bi kirol horiek. Momentuz lesio horrek ez dit eragin harria jasotzerakoan, eta ibili ahala gehiago gustatzen ari zait kirol hau. Gure artean daukagun giro onak asko laguntzen du. Horrek ez dauka preziorik. Gainera, esan daiteke Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarragatik hasi nintzela harri jasotzen. Haren ibilbidea jarraitzen hasi nintzen, egiten zituen txapelketak-eta jarraitzen, eta ezaguna nuenez, ia berarekin saioren batean parte hartu ahal nuen galdetu nion. Eraman ninduen, eta oso gustura aritu nintzenez, nik ere hastea erabaki nuen. Eizmendi izan zen eta da nire erreferentea. Haren bitartez heldu nintzen Joseba Ostolaza Harri Eskolara ere, bera ere eskolako kidea baita.

 • Nola moldatu zinen Mintxeta eta Belaustegi harri irregularrekin?
Bereziak dira biak. Leunagoa da bata, eta forma arrarodun harria da bestea, baina ahalegin handia eskatzen duten harriak dira biak. Gainera, bost minutuko txandak ez dira motzak. Lehenengoan gogor saiatuz gero, bigarrengo harriarekin egin beharreko lanera ukituta ailegatzen zara. Hamar jasoaldi egin nituen guztira, bi Belaustegi harriari eta zortzi Mintxeta harriari. Jasoaldi gehiago egiteko nahi eta asmoarekin etorri nintzen, baina pozik nago.

 • Baduzu helbururik edo erronkarik esku artean?
Abenduaren 1ean 18 urte beteko ditut eta egun hori baino lehenago 200 kiloko harria jasotzea gustatuko litzaidake, lagun gutxik altxatu baitute 200 kiloko harria 17 urterekin. Uste dut lau harri jasotzailek bakarrik lortu dutela. Horietako bat gehiago izatea gustatuko litzaidake.

 Elkarrizketa bideoan:

2022 09 07 imanol royo lartain harrijasotzailea elgoibar b1 BARREN

2022 08 27 baserriar eguna harrijasotzea lartain BARREN

2022 09 07 imanol royo lartain harrijasotzailea elgoibar aitxitxegaz BARREN

2022 08 27 baserriar eguna harrijasotzea zortzirak bi harriegaz BARREN

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza