Hamalau idi pare ari dira lehian Kintopeko Elgoibarko Idi-dema txapelketan

Barren.eus 2022ko ira. 5a, 12:57

Idi kintopekoen zortzigarren txapelketa jokatzen dihardute hamalau idi parek Elgoibarko Sigma probalekuan, lau jardunalditan. Irailaren 2an eta 3an jokatu zituzten Sigma Probaleku Elkarteak antolatutako txapelketako lehen bi saioak, eta gaur eta bihar jokatuko dituzte azken bi jardunaldiak.

Elgoibarko txapelketa Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria izango da. Parte hartuko duten idi-pareek 1.680 kiloko harriari tira egin beharko diote 30 minutuko saioetan, eta bi idien pisua ezingo da 1.140 kilotik pasa. Bestela, kilo bakoitzeko kilo bateko gainkarga eraman beharko dute harri gainean.

Gaur gauean, hirugarren jardunaldia jokatuko dute 21:00etatik aurrera. Lau idi pare lehiatuko dira: Lopategi (Billela), Maia (Aia), Andrakas Sagartotegia (Lemoiz) eta Ainhoa Gabirondo (Orio). Bihar (irailak 6) jokatuko duten saioa ere 21:00etan hasiko da eta honakoak izango dira lehiakideak: Belamendi (Errezil), Txokolate (Errezil) eta Zornotza Anaiak (Zalla). Hala, hamalau idi pareek lanak bukatutakoan jakin ahal izago da nork egin duen markarik onena.
Lehen postua eskuratzen duen idi-parearen jabeak 1.300 euroko saria jasoko du. Antolatzaileek 10.250 euro banatuko dituzte sarietan.