Angel Quintana: "Azkarrago joan zaitezkeela jakin, baina zure burua motelago joatera behartzea da zailena Ehunmilak moduko lasterketa luze batean"

Barren.eus 2022ko uzt. 19a, 11:29

Ehunmiliak mendiko lasterketan parte hartu zuten 487 partaideetatik (467 gizonezko eta 20 emakumezko) erdiak ailegatu ziren helmugara. 168 kilometroko lasterketa honen gogortasunaren berri ematen duen datua da. Elgoibarren lan egiten duen Javi Dominguez gasteiztarrak lortu zuen garaipena, proba honetan lortzen duen seigarrena, 23.04.06ko marka eginez. Angel Quintana izan zen proba bukatzea lortu zuen elgoibartar bakarra eta bere estreinako parte hartzean 51. postuan sailkatu zen, 31.41.11ko denborarekin. Bere bizipenen berri eman digu. Era berean, Goierriko Bi Handiak proban parte hartu zuten bost elgoibartarrek lortu zuten proba bukatzea.

-Estreinakoz hartu duzu parte Ehunmiliak mendiko lasterketan, eta amaitzea lortu duzu. Zein zen 168 kilometroko proba bat osatzeko zure plana?
Ni moduko saltakari amateur batentzako modu bakarra dago horrelako proba bati aurre egiteko: lasai, oso lasai, hastea eta uneoro indarrak kudeatzea eta gordetzea, bestela suizidio bat da. Esku frenoari bi eskuekin helduta egin nuen probaren lehen zatia. Eta lehen zatia diodanean lehen 100 kilometroez ari gara, pentsa! 147. postuan edo nihoan probaren erdi aldera, eta atzetik aurrera eginez 51. postuan amaitzea lortu nuen. Dortsal bat janzten dudan bakoitzean anbizio handiarekin pentsatzea gustatzen zait, eta martxo aldera lehen 25 sailkatuen artean sailkatzea eta 30 orduren bueltan ibiltzea zen nire helburua, baina lanagatik ezin izan nuen nahi adina entrenatu eta banekien zaila izango zela. Proba egunean amaitzearekin nahikoa nuela ikusi nuen. San Adrianeraino ondo heldu nintzen eta Aizkorrira ere bizi igo nintzen, ez dakit inoiz horren bizkor igo dudan. Otzaurtetik aurrera giharretako arazoak hasi zitzaizkidan eta nola edo ahala bukatu nuen azken zatia.

-Burua hotz mantendu behar da orduan.
Bai, eta ez da horren erraza. Ohituta nagoen erritmoak moteltzea izan da niretzat oztopo handienetarikoa. Erritmo arinagoan, azkarrago, joan zaitezkeela jakin, baina zure burua motelago joatera behartzea da zailena, autodiziplina horri eustea kilometroz kilometro eta orduz ordu. Hor sartzen da jokoan burua. Eta, jakina, probak dituen 11.000 metroko desnibel positiboak kudeatzen ere jakin behar da. Probaren erdian dago Txindoki (1.346 m.) eta azken zatian Aizkorri (1528 m.), igoerarik gogorrena. Eta dena ondo prestatu arren, ...aukera handiak daude proba ez amaitzeko, detaileetan baitago gakoa. Galtzerdi bat gaizki jantzita badaramazu eta ez bazara konturatzen, urratua egin edo babaren bat atera ahal zaizu, ...eta akabo!

-Nolatan erabaki zenuen Ehunmiliak proban parte hartzea?
Ez da urte batetik besterako kontua izan proba honetan parte hartzearena, azken zazpi urteetan pilatutako eskarmentuaren emaitza baizik. 2015ean hasi nintzen ultra distantziako probetan parte hartzen, Goierriko Bi Handiak (g2handiak) probarekin, hain justu ere. Eta era horretako haibat probetan hartu dut parte azken urteotan: hiru alditan bukatu dut g2h (88 km.) proba, hiru bider Hiru Handiak (101 km.) eta bi alditan Montes de Vitoria (62 km.), batzuk aipatzearren. Nire proba fetitxea, baina, Beasainen jokatzen den hau da. 2014an joan nintzen zuzenean estreinakoz ikustera, nire lagun Unai Etxeberriak eta Mikel Gorritik hartu baitzuten parte. Haiek animatzera joan nintzen eta probarekin liluratuta itzuli nintzen. Horrenbeste, hurrengo urtean hartu nuela parte estreinakoz g2Handiak-k proban. Julen Salaberria, Haritz Arribillaga eta Mikel Arosarekin batera eman nuen izena. Elkarrekin entrenatzen hasi ginen eta giro oso ona sortu zen gure artean. Gu animatzera etorri ziren lagunak gauez, eta babesa eman zigun furgoneta bat ere izan genuen. Horregatik edo, nire proba kuttuna bihurtu zen, erreferentziazkoa. Hurrengo urtean, 2016an, ezkontza bat eduki nuela eta ezin izan nuen G2H proba korritu, baina ikustera joan nintzen, eta Ehunmilak probakoen irteera ikusi nuenean parte hartzea itzela izango litzakeela esan nion nire buruari, inbidiaz. Orduan erabaki nuen 35 urterekin egingo nuela nire lehen Ehunmilak lasterketa. Gainera, trilogia osatzea da nire asmoa, G2H eta Ehunmiliak egin ditut eta Marimurumendi (42 km.) egitea falta zait orain, hiruretan motzena dena. Gaineratu nahi dut antolakuntza primerakoa dela. Kanpoan egin izan ditut ultra distantziako lasterketak, baina hemen halako antolakuntzarik ez dut inon aurkitu.

-Momentu txar bat baino gehiago gainditu beharko dira 168 kilometroko proba batean, ezta?
Une kritikoena edo animo beheraldi handiena Otzaurten eduki nuen, sekulako logurea sartu zitzaidalako. Hango bentan coca-cola bat erosi nuen eta haretxek kendu zidan logurea. Normalean ez dut coca-colarik edaten baina mesede egin zidan. Mutiloa parean ere izan nuen une txar bat, helmugatik 10 bat kilometrora. Bigarren gaua zen eta hustuta ailegatu nintzen, indarrik gabe ia. Nire fisioa den Javi Muñoz agertu zen anoa postura, eta eskerrak hari. Izugarrizko luxua izan zen; ni lurrean etzanda, neskalagunaren besoetan, Javik oinetan masaia ematen zidan bitartean, eta hori gutxi ez eta probako boluntaioak tortilla zatiak sartzen zizkidaten ahoan. Argazki ederra! 45 bat minutu eman nituen han, eta haretxek piztu ninduen azken txanparako. Javirekin batera egin nituen azken hamar kilometroak, lasai lasai eta elkarrekin berbetan. Bi ordu eta 10 minutu behar izan genituen Beasaineraino iristeko. Hori bai, behin herrigunera iritsita, azken bi kilometroak korrika egin nituen, minez lehertzen nengoen arren.

2022 07 10 angel quintana ehunmilak masaia

-Sekulako sentsazioa izango zen helmugara ailagatzea.
Bai horixe. Gainera helmugan zain nituen lasterketa guztian zehar babesa eta animoak eman zizkidaten gurasoak, neskalaguna eta baita lagunak ere. Ezustean ere agertu ziren lagunetako batzuek, Iruñeatik, San Ferminak ospatzen ibili baitziren. Izugarrizko festa izan zen. Esperientzia oso ona bezain gogorra izan da. Ezin daiteke g2h edo Hiru Handiekin konparatu. Agerikoa dirudien arren, oso oso luzea da!. Badakit ondorengo aste guztia oinak puztuta pasako dudala eta oin azpiak erretzen ari zaizkidan sentsazioarekin. Oso sanoa ez da, baina horren luzea den, eta bukatzea horren zaila den proba bat bukatzean sentitzen dena izugarria da, sentimendu indartsua da. Superheroi bat sentitzen zara denbora labur batean, berehala jaisten dituzun arren oinak lurrera. Lagun askok zoriondu naute bukatzea lortzeagatik, baina oraintxe nabil egindakoa barneratzen, lehen egunak gorputza errekuperatzen pasa ditudalako.

2022 07 10 angel quintana ehunmilak lagun familiagaz helmugan

-Nolakoa izan da probarako egin duzun prestaketa?
Lana dela-eta ez dut eduki dut nahi nuen moduan entrenatzeko aukerarik, eta distantzia luzeko entrenamenduak egitean zentratu naiz azken urte honetan. Apenas ibili naizen gimnasioan eta bizikletan ere gutxi ibili naiz. Zaldibarren dagoen CMZ enpresan egiten dut lan eta etxetik kanpo pasatzen dut astea, Espainiako edozein lekutara bidaltzen nautelako enpresatik: Valentziara, Zaragozara, Bartzelonara... Astelehenean bidaiatu, asteazkenean makina muntatu, ostegunean formazioa eman eta ostiralean etxera buelta. Horrelakoak izaten dira nire asteak, baina beti leku desberdin batean. Nora joan behar nuen jakiten nuenean leku horretan egon daitezkeen entrenatzeko leku aproposen bila hasten nintzen, ahal dela mendi aldean eta desnibelarekin. Beti ez da erraza, baina, eta lauagoak diren lekuetan kilometro batzuk egin behar izan ditut lana bukatutakoan entrenatzeko lekuen bila. Adibidez, astea Zaragozan pasa behar banuen, ba autoa hartu eta 50 minutura nuen Moncayo mendira joaten nintzen. Hiriak ez zaizkit gustatzen eta nekazal etxeak edo herri txikietan hartzen nuen ostatua, ahal nuenetan. Harrituta laga naute Espainian ezagutu ditudan parajeek. Valentzia ea Castellonen adibidez, mendi izugarriak daude.
Desnibel handiak dituzten lekuetan gutxi entrenatu ahal izan dudan arren, ordu desberdinetan korrika egitera ohitu nuen gorputza. Adibidez, bazkaldu eta segituan korrika egitera irteten nintzen mendira, tripa beteta nuela.

-Entrenatzeko lekuak bilatzearena gauza bat da, baina nondik ateratzen duzu horrenbeste ordu entrenatzeko energia edo gogoa?
Amaren modukoa naiz horretan, berezkoa dut ezinegon hori, genetikoa izango da. Eta egia da ordu asko eta asko sartu behar direla. Azken urte honetan denbora gutxiago pasa dut familiarekin eta lagunarteko zenbait bazkari eta afariri ere ezezkoa eman behar izan diet, libre neuzkan ordu guztiak eskaini baitizkiot nire pasioari.

-Ultra distantzietan zenbateko garrantzia du fisikoak eta zenbatekoa buruak?
Burua garrantsitsuagoa da nire ustez, psikologikoki ondo prestatua egoteari balio handiagoa ematen diot; %80 buruari eta %20 fisikoari, nolabait neurtu behar izanez gero. Parte hartzeko izena ematen dugun unetik, izan dezakegun sasoi puntu onenean gaudela suposatzen da. Hau da, bakoitzaren gorputzak duen ahal guztia emateko prestatuta aurkezten gara irteera marrara. Baina, hori bai, huts egin dezaketen detaile txiki mordo bat daude, prestaketa guztia pikutara bidali dezaketenak. Sabelak arazorik ez ematea da faktore garrantzitsu bat eta eguraldia bestea. Aurten eguraldi ezin aproposagoa eduki dugu. Ez nuen zirarik edo mangitorik jantzi beharrik eduki hotzagatik, behin ere ez, 30 orduetan. Gainera, une bat iristen da non guztioi eragiten digun molestia batek edo bestek, dela tripako mina, oinetakoa, giharretakoa... eta orduan hartu behar du buruak agintea.

-Oinez edo korrika egin zenuen ibilbidea?
Igoera guztiak oinez, jaitsierak korrika, baina oso oso mantso eta lauan trotean, korrika baino mantsoago. Kilometroetan aurrera egin ahala, lauan korrika arinago egiten nuen, baina inondik inora errepidean moduan, eta aldapa txiki batzuk trotean ere igoten nituen. Azken 20 kilometroetako ibilbidea korrika egiteko modukoa den arren, oso zaila da gai izatea. Lau ordu eta erdian egin nituen azken 20 kilometro horiek, eta g2h proba egin dudanetan bi orduz apitik egin izan dut.

-Zer jaten duzu horrelako proba batean?
Sarritan jan eta edan behar da. Anoa postuetan nirekin neramatzan gel eta horrelakoez gain janari "naturalagoak" jaten saiatu nintzen: tomatea, gazta, fruta, txokolatea, fruitu lehorrak... batzuek proteinak dituztelako, gatza besteak, eta horrela. Distantzia luzeetan aritzen diren korrikalari askok tripako arazoengatik laga behar izaten dituzte bertan behera probak, baina niri zorionez sabelak ez dit arazo larregirik ematen eta jan onekoa naiz. Desidratatzeko arriskua ere handia da. Batez ere bero handia egiten badu edo hezetasuna handia bada. Beroa dagoenetan errazago edaten da, baina hezetasunarekin arriskua dago behar bestetan ez hidratatzeko. Izerditan hasten zera, baina horrenbesteko berorik ez dagoenez ez da behar den adina eta sarritan urik edaten eta ez zara konturatzen edaten duzun ura baino gehiago galtzen ari zarenik izerditan.

 

 • Elgoibartarren sailkapenak g2handiak eta Marimurumendi probetan
Ehunmilak probaren barruan, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak mendi lasterketa eta Marimurumendi mendi maratoia ere jokatu zituzten. Lehenengoan bost elgoibartarrek hartu zuten parte, hiru emakumezkok eta bi gizonezkok, eta guztiek lortu zuten proba bukatzea. Hona euren emaitzak:

  • 130. postuan Juanan Martin Leiva (15:49:13)
  • 147. postuan Iker Arrillaga Osuna (16:09:50)
  • 8. postuan Aihoa Lendinez Garate (17:07:13)
  • 13. postuan Iris Abarrategi Merchan (18:40:02)
  • 14. postuan Laura Rodriguez Rodriguez (18:40:04)

 Marimurumendi mendi maratoian 193 lagunek lortu zuten proba bukatzea, tartean bi elgoibartarrek. Sergio Agirregomezkortak 10. postuan sailkatzea lortu zuen (4.08.16) eta 127. postuan sailkatu zen Andoni Gabilondo (6.01.22).

Elgoibarko mendizale talde batek Ehunmilak probako korrikalariei ongi-etorria egin zien Irukurutzeta eta Azkarate artean, ibilbideko 43. kilometroan. Lastekarien artean ezaguna egin den flana eman zieten, besteak beste. Hona bertan egon zen Edu Uribek lasterketaren inguruan argitaratutako bideoan. (ikus https://mendilasterketa blogean)

 2022 07 17 goierri2handiak iris abarrategi laura

2022 07 10 juanan iker g2h

2022 07 18 g2handiak ainhoa lendinez

2022 07 17 marimurumendi sergio agirregomezkorta

2022 07 17 marimurumendi andoni gabilondo

2022 07 10 angel quintana ehunmilak ibanekin

2022 07 10 angel quintana ehunmilak b1

2022 07 10 angel quintana ehunmilak helmugan